Mikel Landa Frantziako Tourretik kanpo geratu da
Murgiarrak ez du Frantziako Tourrean parte hartuko bizkarrean duen lesioa dela eta. Soudal Quick Stepek Tim Merlier belgikarraren aldeko apustua egin du.
Mikel Landa, Kataluniako Voltan. Irudia: EFE/Siu Wu
Mikel Landa ez da Soudal Quick Stepen zortzikoan sartu Frantziako Tourrera begira. Txirrindulari arabarrak bosgarren postua lortu zuen aurreko edizioko sailkapen nagusian, baina ez da garaiz osatu bizkarrean duen lesio iraunkorretik aurtengoan parte hartzeko.
Landa tristerik agertu da: "Oso etsita nago ez naizelako bertan izango Italiako Girora ezin joanda geratu eta gero. Urte zaila izan da orain arte, eta Suitzako Tourrean arazoak izan ondoren, konturatu nintzen ez duela zentzurik Tourrera joaten saiatzeak. Orain atseden hartzea eta errekuperatzea da garrantzitsuena, eta bi hilabete barru Vueltako irteeran egotea espero dut".
Landaren baja dela eta, Tim Merlier belgikarra izango da esprintean garaipenak lortzeko taldearen aukera nagusia. Abiadura-txirrindulariaz gain, Soudal Quick Step taldeak Pascal Eenkhoorn, Jasper Stuyven, Valentin Paret-Peintre, Dylan van Baarle, Bert Van Lerberghe, Ilan Van Wilder eta Luis Vervaeke hautatu ditu Frantziako Tourrari aurre egiteko.