Baionan amaituko da 2023ko Frantziako Tourraren hirugarren etapa
Frantziako Tourrak ostegun honetan baieztatu duenez, 2023ko ekitaldiko hirugarren etapak Baiona izango du helmuga.
Hala, uztailaren 3an, Zornotzatik abiatu eta Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeko errepideak atzean utzi ondoren, txirrindulariak Iparraldean sartuko dira Baionara iritsi arte.
Jardunaldiak 185 kilometro izango ditu, ia guztiak lauak, eta aurreikuspenen arabera, esprinterrek euren trebetasunak erakusteko lehen aukera izango dute.
Dagoeneko jakina zenez, aurreko bi etapak euskal errepideetan jokatuko dira ere, Hego Euskal Herriko hiru hiriburuak protagonista izanik. Horrela, Bilbo izango da lasterketaren abiapuntu eta helmuga estreinako jardunaldian, eta bigarren etapan, berriz, txirrindulariak Gasteiztik irtengo dira Donostiara iristeko, zeharo ikusgarriak izatea espero den bi ibilbiderekin.