11. etapa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ewanek bereganatu du Poitiersko esprint estua; Ion Izagirrek lasterketa utzi du

Australiako txirrindulariak aurtengo ekitaldiko bigarren garaipena lortu du. Bestalde, Ion Izagirrek (Astana) lasterketa utzi behar izan du, eroriko baten eraginez.
Caleb Ewan ahalegin betean
Caleb Ewan ahalegin betean. Argazkia: EFE

Caleb Ewan (Lotto Soudal) australiarrak irabazi du Frantziako Tourreko hamaikagarren etapa asteazken honetan, Chatelaillon-Plage eta Poitiers artean (167,5 kilometro) lehiatu dena, esprint estu eta oso ireki bat eta gero.

Gaurkoa bigarren garaipena izan da Ewanentzat aurtengo Tourrean, hirugarren etapan ere bera nagusitu baitzen. Jarraian, Peter Sagan (Bora-Hansgrohe) helmugaratu da; alabaina, gerora epaileek zigortu egin dute, legez kanpoko mugimendu bat egiteagatik Wout Van Aert (Jumbo) baztertzeko, eta irabazlearen taldetxoko azken tokian sailkatu da azkenerako eslovakiarra. Horrenbestez, Sam Bennett (Deceuninck-Quick Step) izan da bigarrena etapan, eta Van Aert, hirugarrena.

Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan: Primoz Roglic esloveniarrak jarraitzen du lidergoan, eta haren atzetik daude Egan Bernal (Ineos) kolonbiarra 21 segundora eta Guillaume Martin (Cofidis) frantziarra, 28ra.

Ion Izagirreren erorikoa

Etapan zehar Ion Izagirre gipuzkoarrak lasterketa utzi behar izan du, helmugatik 30 kilometrora eroriko gogorra izan ostean. Astanako txirrindulariak etxe bateko hormaren kontra talka egin du Lavausseau herrian, eta hainbat zauri izan ditu aurpegian eta gorputzeko beste atal batzuetan. Medikuen baieztapenaren faltan ezean, ormaiztegiarra eskuineko lepauztaiaz kexu zen.

Biharko etapari dagokionez, ostegun honetan hamabigarren etapa jokatuko da Chauvigny eta Sarran Corréze artean, 218 kilometrokoa, aurtengo luzeena.

Zure interesekoa izan daiteke

Podio Tour Femenino 2026
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Volleringek, Niewiadomak eta Longo Borghinik osatu dute Frantziako Tourreko podiuma

Azken etapa erakustaldi batekin bereganatu ostean, Demi Vollering (FDJ) herbeheretarra Frantziako Tourreko podiumaren gorenera igo da, Kasia Niewiadoma (CANYON) poloniarra igo da bigarrenera, eta Elisa Longo Borghini (UAE) italiarra, berriz, hirugarrenera. Bestalde, gazte onena Antonia Niedermaier (CANYON) alemaniarra izan da, mendiko maillota Puck Pieterse (Fenix) herbeheretarrak irabazi du eta Lorena Wiebes (SD Worx) herbeheretarrak jantzi du puntuen maillota.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X