Euskaltel-Euskadik Unai Ramos nafarra fitxatu du datozen bi denboraldietarako
Talde laranjak Kern Pharmatik fitxatu du Tuterako eskalatzaile gaztea; amateur mailan nabarmendu zen. "Ametsa bete dut, eta aurrerapauso handia nire da ibilbidean", azpimarratu du Ramosek.
Unai Ramos, Kern Pharma taldearen elastikoarekin. Irudia: Euskaltel-Euskadi
Unai Ramos (2005, Tutera) Euskaltel-Euskadi taldean lehiatuko da hurrengo bi denboraldietan, 2027an eta 2028an, talde laranjak ohar baten bidez jakitera eman duenez. Amateur mailan nabarmendu zen eskalatzaile gaztea Kern Pharma taldetik fitxatu dute.
Ramosek 2026an egin du debuta profesionaletan, Itzulian eta Indurain Sari Nagusian parte hartu du, besteak beste. 23 urtez azpiko bigarren denboraldian aritu zen 2025ean, eta bere kalitatea erakutsi maldan gorakoetan: Nafarroako Itzuliko sailkapen nagusia eta bi etapa irabazi zituen, Espainiako erlojupeko azpitxapelduna izan zen, eta hirugarren amaitu zuen Bidasoko Itzulian eta Gorlako Igoeran.
Talde laranjak datorren denboraldirako baieztatutako zazpigarren fitxaketa da Ramos. Aldez aurretik, Julen Arriolabengoa, Mikel Landa, Marco Martin, Hodei Muñoz, Ander Okamika eta Felipe Orts iritsi dira.
"Euskaltel-Euskadirekin fitxatzea ametsa da eta bete egin dut, eta aurrerapauso handia nire ibilbidean; ilusio handia egiten dit txirrindularitzako talde historiko eta erreferente batekin bat egiteak", azpimarratu du Unai Ramosek.
Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiren kirol arduradunak esan duenez, "Unairen fitxaketa bat dator talentu gazteari lekua emateko eta harrobia indartzeko dugun filosofiarekin".