IDK Euskotrenek aise irabazi dio Proteasi (48-73), eta bere multzoko lider jarraitzen du
IDK Euskotrenek erraz garaitu du Proteas Voulas talde greziarra (48-73) Eurokopako multzoen faseko hirugarren jardunaldiari zegokion norgehiagokan. Azu Muguruzarenak gehiago izan dira hasieratik, nahiz eta, orohar, batzuek zein besteek ez duten lehia onik jokatu. Lehen 10 minutuen osteko emaitza ere horren adierazle garbia izan da (9-18).
Tarte horren ondoren, etxekoek susperralditxo bat izan dute, eta lau puntura gerturatu dira 14-18 eta 16-20, baina Donostiako taldeak erantzuten jakin du, eta atsedenaldira tarte lasaigarriago batekin iritsi dira (26-33), batez ere erasoko errebotean izandako aldeari esker. Izan ere, lehen zatian, greziarrek 4 erasoko errebote baino ezin izan dituzte jaso; gipuzkoarrek, ostera, 15. Zeregin horretan Becky Massey belgiarra nabarmendu da (7 errebote, horietako 6 erasoan, atsedenaldira arte).
Bigarren zatiaren hastapena lehenaren ia bera izan da, eraso antzuak kateatu baitituzte bata bestearen atzetik bi taldeek. Garbi zegoen etxekoak gutxiago zirela, nekez lortzen baitzituzten puntuak. IDK, haatik, apurka-apurka partidari neurria hartzen joan zaio berriro, eta gutxi eginda ere markagailuko aldea areagotzea lortu du, 19 puntukoa izateraino 10 minuturen faltan (34-53).
Ordurako partida erabakita zegoen, eta azken laurden zeharo lasaia igaro du Muguruzaren taldeak. Emaitza puzten segitu du, eta azkenerako 25 puntuko zuloa izan da bien artean (48-73). Beraz, hirutik hiru garaipen lortu ditu txapelketan IDK Euskotrenek eta Eurokopako C multzoko buru izaten jarraitzen du.
Fitxa teknikoa:
48 - Proteas Voulas (9+17+8+14): Stoligka (9), Sakellariou (3), Chatzigiakoumi (1), George (10), Everett -hasierako bostekoa- Gasparatou, Anastasopoulou (10), Lamprini (10), Styliani, Diamanto (5).
73 - IDK Gipuzkoa (18+15+20+20): Buch (6), Alba Prieto (5), Delicia Washington (11), Becky (15), Pendande (10) -hasierako bostekoa- Claessens (9), Halvarsson (2), Lara González (4), Mbulito, Becker (11).
Epailea: Cecilia Montgomery, Zoran Mitrovski eta Aurimas Borusas.
Zure interesekoa izan daiteke
IDK Euskotreneko Lara Gonzalezek Onintza Adurizen partida-kopurua berdinduko du: “Harro nago”
Jokalari gipuzkoarrak igandean lortuko du marka hori, IDK Euskotrenekin 282 partida jokatuta, Kutxabank Araskiren eta Donostiako taldearen arteko derbian; harekin izan gara, eta gogora ekarri du nola hasi zen klubean eta nola Onintza bera, besteak beste, erreferente izan zuen.
IDK Euskotrenek Kristine Vitola fitxatu du 2025-2026 denboraldiaren amaierara arte
Letoniar jokalaria Panathinaikosetik ailegatu da Donostiako taldera. Vitolak, 34 urtekoa bera, eskarmentua dauka Endesa Ligan; izan ere, Stadium Casablanca, Perfumerias Avenida eta Valentzia Basket taldeetan aritu da.
IDK Euskotrenek Casademont Zaragoza izango du aurkari Erregina Kopako final laurdenetan
Azu Muguruzaren jokalariek Endesa Ligako lehen itzulian aurreneko postuan amaitu duen taldearen aurka jokatuko dute. Finalerdietan, Donostiako taldearen aurkaria Valentzia Basket edo Duran M. Ensino izango litzateke.
Azu Muguruza: "Une arraro batean harrapatu gaitu, emaitzen dinamika ez baita ona"
Zazpi porrot jarraian jaso dituen arren, IDK Euskotren taldeak saskibaloiko Erreginaren Kopara sailkatzea lortu du. Entrenatzailearen esanetan, beharrezkoa da alderdi mentala lantzea taldearen aurpegi ona berreskuratzeko .
IDK Euskotren Erreginaren Koparako sailkatu da
Emakumezkoen saskibaloiko Ligako hamabosgarren jardunaldia jokatuta, Donostiako taldeak eta Innova-TSN Leganesek lortu dute txartela.
Azu Muguruza: "Ez dut ulertzen saskibaloian edo errugbian ari garen; denak ari dira kolpeka"
IDK Euskotreneko entrenatzailea oso kritiko agertu da Kutxabank Araskiren aurkako derbiko azken minutuetan ikusitako jokoagatik.
Helmi Tulonen, IDK Euskotrenen fitxaketa berria
Jokalari finlandiarra taldeari laguntzera dator, Veronika Remenárová belaunean egingo dioten ebakuntzatik errekuperatzen den artean.
Veronika Remenarovari ebakuntza egingo diote eskuineko belaunean
IDK Euskotrenek, asteazken honetan, jokalari eslovakiarrari artroskopia bat egingo zaiola jakinarazi du, gorputz libreak erauzteko.
IDK taldea prest dago denboraldiko erronkei aurre egiteko
Irene Murua eta Veronica Remenarova IDKko jokalariek prentsaurrekoa eman dute astearte honetan, taldeak aurretik dituen helburuei buruz hitz egiteko, besteak beste.
IDK Euskotrenek taldearen aurkezpen ofiziala egin du
Azu Muguruzuak zuzenduko du aurten ere talde donostiarra. Zazpi fitxaketa egin dituzte denboraldi honetarako eta iazko mailari eustea dute helburu.