Surne Bilbaok bigarren finala jarraian jokatuko du, Miribillan ere Szombathelyri irabazi ondoren (95-88)
Ponsarnauren mutilek aise gainditu dute Hungariako taldea, partida serio batean. Giro hotz samarra izan da Miribillako harmailetan, Europarako finalerdia izan arren. Finalean Greziako PAOK Salonika izango da aurkaria berriro, UCAM Murtzia kanporatu baitu beste finalerdian.
Surne Bilbao Basketek FIBA Europako Kopako bigarren finala jokatuko du jarraian, bere historiako hirugarrena, Falco Vulcano Szombathely hungariarrari irabazita, Miribillan jokatutako itzuliko partidan (95-88). Finalean Greziako PAOK Salonika izango da aurkaria berriro, UCAM Murtzia kanporatu baitu beste finalerdian.
Partida hasiera hotz samar baten ondoren (0-4), Ponsarnauren taldea suspertu egin da, eta beltzezko gizonak sendo agintzen hasi dira jokoan zein markagailuan (23-17).
Bigarren laurdenean Hungariako taldeak ez du etsi, eta Bilbao Basketen errenta murrizteko ahaleginean lanean jarraitu du. Hala ere, Bizkaiko taldeak azeleragailua sakatzen jarraitu du beharrezkoa izan denetan, eta beti aurretik izan da markagailuan (48-37).
Momentu batzuetan, bazirudien ez zela Europako finalerdi bat, giroa hotza baitzen harmailetan, Hungarian lortutako errentaren eta neurketaren kontrolari esker. Pantzarrek erritmoa ezarri du kantxan eman dituen minutuetan, eta partidako saskiratzaile nagusienetakoa izan da lehen zatian, 8 punturekin aurreneko bi laurdenetan, Krampelj 9rekin batera.
Atsedenaldiaren ostean, beltzezko gizonak ondo hasi dira, baina hirugarren laurdenaren erdian lo-zorroan sartu dira, eta Hungariako taldea nagusitu zaie, eta partida 58na berdindu.
Ponsarnauk, haserre, norgehiagoka gelditu behar izan du hutsarte batekin, eta hori baliatu du jokalariak ohartarazteko eta animatzeko. Prestatzaile kataluniarraren estrategiak emaitzak eman ditu; izan ere, jarraian beltzezkoek 6-0eko partziala sartu diote Szombathelyri.
Baina hungariarrak ere suspertu egin dira, haien entrenatzaileak hutsartea eskatu, eta azken laurdenera markagailuan aurretik joateko zorian egon dira (69-67). Jaworskiren hiruko batek eragotzi du, laurdeneko azken jokaldian.
Azken laurdenean, Pantzar eta Hlinason berriro kantxan zirela, Surne Bilbaok partidaren erritmoa ezarri du berriro. Bi jokalariak ordezkatu dituztenean markagailuan 10 puntuko abantaila zuen Surnek, eta horrek kanporaketa itxi du, baina ez partida. Szombathelyren boskotea neurketa irabazten saiatu da azken unera arte, baina beltzezko gizonek eragotzi egin dute (95-88).
Jaume Ponsarnau, Surne Bilbaoko entrenatzailea
Finala etxean gure zaleen babesarekin jokatzeak ilusio handia egiten digu
Jaume Ponsarnau Surne Bilbao taldeko entrenatzaileak finalerako txartela lortu ostean esan duenez, "ilusio handia" egiten die Miribillan jokatzeak finaleko bigarren partida erabakigarria. "Testuingurua ezberdina da aurreko denboraldiarekin alderatuta. Finaleko bigarren 40 minutuak Miribillan izateak apur bat gehiago kitzikatzen gaitu", onartu du prestatzaile kataluniarrak iragan denboraldiko aurkari beraren aurka garaikurra jokoan izango dutela jakin aurretik.
Halaber, Ponsarnauk nabarmendu du arrakasta berri honek agerian uzten duela Surne Bilbaok "aurrerapausoak ematen" jarraitzen duela, eta azpimarratu du duela urtebete zerbait "oso zaila" lortu zutela, baina oraindik "zailagoa" zela finalera "berriro iristea".
Zure interesekoa izan daiteke
Surne Bilbaok ALBA Berlin, Slavia Praga eta Igokea izango ditu aurkari 2026-2027ko Txapeldunen Ligako multzo fasean
Txapelketa urriaren 6an hasiko da. Surne Bilbao Txapeldunen Ligara bueltatuko da; azken hiru denboraldietan, FIBA Europa Kopan aritu da, eta 2025ean eta 2026an irabazi du hori.
Surne Bilbaok Ondřej Husták fitxatu du 2028ra arte
22 urte eta 2,12 metroko pibot txekiarrak “intentsitatea eta energia” ekarriko dituela adierazi du talde bilbotarrak.
Manex Asorregik Surne Bilbaorekin sinatu du 2028ra arte
Jokalari azkoitiarra Askatuak Gipuzkoatik iritsi da talde bilbotarrera, talde gipuzkoarrean azken hiru denboraldiak emanda.
Surne Bilbaok Bastien Vautier pibot frantsesa fitxatu du hurrengo denboraldirako
27 urteko pibotak denboraldi baterako sinatu du, eta ASVEL Lyon-Villeurbanne taldetik dator. Klub horretan, batez beste 5,7 puntu eta 2,8 errebote lortu ditu partidako Euroligan.
Surne Bilbaok Txapeldunen Liga jokatuko du hiru urte geroago
Talde bilbotarra urriaren 6an hasiko den lehiaketan parte hartuko duten 32 taldeetako bat da. Dagoeneko 30 talderi baieztatu diete tokia, eta Surne da horietako bat. Talde bizkaitarrak 2020-21 denboraldian Txapeldunen Ligan parte hartu zuen, eta 2022-23an errepikatu zuen.
Hlinasonek, Freyk eta Fontek Surne Bilbaorekin zituzten kontratuak luzatu dituzte, 2029ra arte
2025-2026 denboraldian Bilboko taldean izandako jokalariei erreparatuta, zortzi gizon izango dira, berriro, hurrengo denboraldian; hori bai, Bassala Bagayokok 2028ra arteko kontratua badu ere, baliteke ez jarraitzea klubean.
Surne Bilbaok Nate Darling sinatu du 2026-2027 denboraldirako
Talde bizkaitarraren hirugarren eransketa izanen da eskolta kanadiarra, Adam Somogyiren eta Dan Duscaken sinaketen ondoren.
Bilbao Basketek iragarri du Jaworskik ez duela klubean jarraituko
Eskolta estatubatuarra funtsezkoa izan da bilbotarren denboraldi arrakastatsuan.
Surne Bilbao Basketek Stefan Lazarevicek eta Amar Syllak ez dutela klubean jarraituko iragarri du
Serbiarrak klubean urtebetez jokadu du. Senegaldarrak, berriz, bi urte eman ditu Bilbon.