Normantasek, Krampeljek, Petrasekek eta Hilliardek 2028ra arte berritu dute Surne Bilbaorekin
Freyk, Hlinasonek, Fontek, Syllak eta Bagayokok ere indarrean dute kontratua. Pantzarren baja besterik ez dute baieztatu orain arte.
Surne Bilbao taldeko jokalariak. Argazkiak: EFE/Muntaia: EITB
Surne Bilbaok 2028ra arte luzatu ditu Margiris Normantas lituaniarraren, Martin Krampelj esloveniarraren eta Luke Petrasek eta Darrun Hilliard estatubatuarren kontratuak.
Lau jokalari horiez gain, Harald Frey joko-antolatzaile norvegiarrak, Tryggvi Hlinason pibot islandiarrak eta Aleix Font katalanak, Amar Sylla senegaldarrak eta Bassala Bagayoko maliarrak indarrean dute kontratua Bilboko klubarekin datorren denboraldirako.
Jaume Ponsarnauren taldean baja bakarra baieztatu dute: Melwin Pantzar suediarrarena. Joko-antolatzaileak Bilbon jokatu du denboraldi honetan, Unicajak utzita, eta 2026-2027 denboraldian Malagako taldearekin arituko da.