Laboral Kutxak porrot gogorra jaso du, luzapenean (96-99)
Sergio Scarioloren gizonek partida gaizki hasi dute, eta Kanaria Handiak aise agindu du Buesa Arenan. Baskoniak akatsak egin ditu erasoan eta defentsan, eta horiek 9-16koa jarri dute markagailuan. Pedro Martinezen taldeak ideiak oso argi izan ditu, eta Laboral Kutxak ezin izan du markagailua irauli (16-23).
Bigarren laurdenean Kanaria Handiak erasoan gogor sakatu du, eta Nacho Martinek erakustaldia eman du taula azpian (22-33). Baskoniak ideiarik gabe jokatu du erasoan, baina hiruko jaurtiketetan asmatu egin du (25-35). Hala ere, talde horiak aise agindu du Buesa Arenako kantxan (36-47).
Hirugarren laurdenean, Laboral Kutxa suspertu egin da, eta Lamont Hamiltonek taldea ederki gidatu du erasoan (50-51). San Emeteriok markagailua irauli egin du bi jaurtiketa libreekin (53-51), baina Hansbroughek 55-56koa jarri du. Azkenengo laurdenera 60-60koarekin heldu da norgehigoka.
Tibor Pleiss nagusi izan da azkenengo laurdeneko lehenengo minutuetan, baina Kanarietako taldeak ondo eutsi dio (66-66). Horiek bost puntuko aldea lortu dute (72-77), eta Baskoniak defentsan sufritu egin du (74-79). Hala ere, Hamiltonek puntu bakarrera jarri du taldea, eta Causeurrek 81-81ekoa jarri du markagailuan.
Luzapenean, Oliverrek eta Walter Hodgek ondo gidatu dituzte taldeak. 92-90ekoaren ostean Kanaria Handiak aurrea hartu du, eta Laboral Kutxak ezin izan du markagailua irauli (96-99).
Fitxa teknikoa:
96 - Laboral Kutxa (16+20+24+21+15): Heurtel (9), Jelinek, San Emeterio (18), Nocioni (13), Pleiss (10)-hasierako bostekoa-, Hodge (9), Hamilton (23), Causeur (8), Clark (3) eta Kelati (3).
99 - Herbalife Kanaria Handia (23+24+13+21+18): Bellas (6), Beiran (9), Newley (5), Baez (13) eta Rey (2) -hasierako bostekoa-, Oliver (17), Martin (22), Hansbrough (15), O'Leary (10).