Txus Vidorreta bilbotarrak CB Canarias taldea utzi du, hamar urteko ibilbide arrakastatsuaren ostean
Entrenatzaile bizkaitarrak Kanarietako taldearen buruan bi Txapeldunen Liga irabazi eta Errege Kopako final bat jokatu ditu, eta ACBko play-offetan bederatzigarren izan da. Vidorretak esan duenez, "bizitzan jakin behar da zure garaia noiz dagoen amaitzear".
Txus Vidorreta bilbotarra, bere agurrean. Argazkia: EFE
Txus Vidorreta entrenatzaileak CB Canarias taldea utziko du, hamar urtez klubaren historiako arrakastarik handienak lortu ondoren. Vidorretak bi Txapeldunen Liga irabazi ditu eta Errege Kopako final bat jokatu du Kanarietako taldearekin, eta bederatzi aldiz izan da ACBko play-offetan.
Aniano Cabrera klubaren presidentearekin batera emandako prentsaurrekoan, Vidorretak adierazi du klubaren aro hau amaitu dela, eta "bizitzan jakin behar da zure garaia noiz dagoen amaitzear" dela.
"Proiektuak aurpegi berrien beharra izan zezakeela ikusten nuen, eta hori ezin da lortu entrenatzaileak bera izaten jarraitzen badu. Uste nire burua alde batean utzi behar dudala klubak aro berri bati ilusioz eta gogo handiz aurre egin diezaion", adierazi du entrenatzaile bilbotarrak.
Erabakiarekin beharbada "huts" egin duela adierazi duen arren, "sentitzen duenaz" ziur agertu da, eta azken denboraldian zehar "jota eta nekatuta" ibili dela adierazi du.
Txus Vidorreta
Agian goia jo dut
"Agian goia jo dut. Galdetzen zidatenean, beti aurkitzen genuen hobetzeko bideren bat. Baina orain goia jo dudala uste dut. Denboraldi berri bat hasteko eta gureak egiten jarraitzeko, ez dakit energia hori aurkitzeko gai izango nintzen", laburbildu du Vidorretak.
Prestatzailearen hitzetan, denboraldiz denboraldi taldeak "espero zen muga aise gainditu du", eta ezertaz ez dela damutzen erantsi du, tartean, "ziurrenik askotan", egindako akatsez.
Endesa Ligako play-offetan jokatutako azken neurketei buruz, klubak "lehen mailako saskibaloia eskaini duen azken dantza ona" egin duela azpimarratu du, baina "historiarako denboraldi asko" egon direla gaineratu du.
Bukatzeko, "jarrai dezala rock-and-rollak", esan die Vidorretak bere jokalariei eta kazetariei. Zurrumurruen arabera, Zaragozak entrenatzaile bilbotarra fitxatuko du.