Zesta-punta
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Johan eta Basque, 2025-2026ko Eusko Label Winter Serieseko txapeldunak

Igandean jokatutako finalean, Johan Sorozabalek eta Thibault Basquek Alex Goitia eta Unai Lekerika menderatu dituzte, hiru jokotan: 15-10, 14-15 eta 5-1. Garaipena eskuratu duten puntistek aurreneko aldiz jantzi dute Winter Serieseko txapela.

Johan-Basque txapeldun
18:00 - 20:00

Johanek eta Basquek hiru jokotan menderatu dituzte Goitia eta Lekerika. Irudia: EITB.

Johan Sorozabal eta Thibault Basque dira 2025-2026ko Eusko Label Winter Serieseko txapeldunak. Gernikako Jai Alai pilotalekuan igandean jokatutako final handian, Biarrizko aurrelariak eta Bidarteko atzelariak Alex Goitia eta Unai Lekerika menderatu dituzte, hiru jokotan: 15-10, 14-15 eta 5-1. Johanek eta Basquek, horrenbestez, aurreneko aldiz jantzi dute Winter Serieseko txapela, eta txapelketako bosgarren ekitaldian nagusitu dira.

Final honetan, bikote irabazlea merezita gailendu da. Johan eta Basque gehiago izan dira lehen jokoan, eta erabakigarrian, hirugarrenean, aurkariek baino nabarmen gehiago asmatu dute. Hala, txapela erdietsi dute, eta Xabi Barandikarekin ere partekatu ahal izan dute txapela hori; gernikarrak, lesionatuta, ezin izan du kantxan egon, eta Johanek ordezkatu du. 

Gernikako Jai Alai pilotalekuan giro ikusgarria zegoela, Johanek eta Basquek egin dituzte finaleko aurreneko bi tantoak. Lapurdiko bi pilotariek hobeto ekin diote neurketari, eta 5-2 ari ziren gailentzen hasierako minutuetan, bikote bizkaitarrek hirugarren tantoa egin aurretik. Jokoan, ematen zuen Johan eta Gorka hobeto ari zirela, kantxan.

 

18:00 - 20:00

Goitia eta Lekerika tanto bakar batera jarri dira, 6-5ekoan, baina Johanek eta Basquek beste bi egin dituzte, eta lehen atsedenaldian biarriztarrak eta Bidartekoak hiru tantoko abantaila zuten, 8-5 gailentzen ari baitziren. Nolanahi ere, bi bizkaitarrek hiru tanto jarraian egin dituzte, eta zortzina berdindu dute; orduan izan da finala estreinakoz berdinduta.

Goitia eta Leke ez zebiltzan eroso, hala ere, eta Johan eta Basque 10-8 ari ziren gailentzen handik oso gutxira. Markinarraren eskuinkada on batek 10-10ekoa ekarri du; Johanek segituan erantzun du, horma-biko eder baten bidez. 13-10koan, bazirudien Lapurdiko bi pilotariek gertu-gertu zutela lehenengo jokoa; uste hori errealitate bilakatu da, Johan eta Basquek bosgarren tanto jarraian eskuratu baitute, eta 15-10 poltsikoratu dutelako finaleko lehen seta.

Bigarren jokoa berdinduta hasi da, eta lehenengo lau tantoak banatu egin dituzte bi bikote protagonisten artean (2-2). Johanek eta Basquek hurrengo biak egin dituzte, baina Goitiak eta Lekek 4-4koa jarri dute. Tentsio handia zegoen kantxan, eta puntistak, finaleko zati horretan, ez ziren asmatzen ari, jokoan.  

Goitia eta Lekerika tanto batez ari ziren gailentzen, 7-8, bigarren jokoaren atsedenaldian. Bi pilotari bizkaitarrek, 8-10koan, aurrenekoz izan dute bi tantoko aldea, baina Lekeri kanpora joan zaio horma-bikoa, jarraian. Bigarren jokoan dena erabaki gabe zegoela, bikote bakoitzak hamaika tanto zituen; hortaz, lau gelditzen zitzaizkien Johani eta Basqueri txapela janzteko, eta beste horrenbeste Goitiari eta Lekerikari, hirugarren jokoa behartzeko.

Basque, gerrian minduta, aldageletara joan da, 11-11 zihoazela. Emozio handia zen frontoian, 13-13koan, eta are handiagoa 14-14koarekin; Goitiak eta Lekek hobeto kontrolatu dute urduritasuna muturreko egoera horretan (14-13 ari ziren galtzen), eta, modu bikainean, hirugarren jokoa behartu dute.

 

18:00 - 20:00

Txapelketarako erabakigarria izan den joko horretan, Johan eta Basque 1-0 aurreratu dira, Goitiak eta Lekerikak bana berdindu dute, eta Lapurdiko bi puntistek beste bi tanto egin dituzte, eta 3-1 jarri dira aurretik. Johan Sorozabalek eta Thibault Basquek baliatu egin dute aurrean zuten aukera bikaina, eta, beste bi tanto lortuta, Eusko Label Winter Serieseko txapeldun bilakatu dira. 

Markagailuaren bilakaera

Lehenengo jokoa: 1-0/2-0/2-1/3-1/3-2/4-2/5-2/5-3/6-3/6-4/6-5/7-5/8-5/8-6/8-7/8-8/9-8/10-8/10-9/10-10/11-10/12-10/13-10/14-10/15-10.

Bigarren jokoa: 0-1/1-1/2-1/2-2/3-2/4-2/4-3/4-4/5-4/6-4/6-5/7-5/7-6/7-7/7-8/8-8/8-9/8-10/9-10/9-11/10-11/11-11/12-11/12-12/13-12/13-13/14-13/14-14/14-15.

Hirugarren jokoa: 1-0/1-1/2-1/3-1/4-1/5-1.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X