BURUZ BURUKO TXAPELKETA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Xabi Azpirozek Buruz Buruko Txapelketa irabazi du, final bikainean Endika Barrenetxea 30-29 garaituta

Uitzikoak lehen aldiz jantzi du txapela Buruz Burukoan. Finala 29-29 zegoela, tanto erabakigarrian, azken sakean, Barrenetxea IV.ak falta egin du.

Endika Barrenetxea eta Xabi Azpiroz

Xabi Azpirozek aurreneko aldiz jantzi du Buruz Buruko txapela. Argazkia: EITB.

Xabi Azpirozek 2026ko Buruz Buruko Eusko Label Txapelketa irabazi du, Galarretan, larunbatean. Uitzikoak lehen aldiz jantzi du txapela Buruz Burukoan, txapelketako final handian Endika Barrenetxea 30-29 garaituta.

Finala ikusteko aukera izan duten zaleek partida bikain batez gozatu ahal izan dute. Oso parean ibili dira bi protagonistak. Azpiroz hasi da agintzen, 5-2 aurreratu baita, eta 11-8 gailentzen ari zenean, Barrenetxearen erantzuna iritsi da, hernaniarrak 8 tanto jarraian egin baititu, markagailuan 11-16koa jartzeko. Dena erabakitzeko zegoela, markagailua berriro berdindu dute, 21-21ekoarekin.

Gerora, Azpirozek garaipena ia-ia poltsikoan zuela zirudien, 25-24 irabazten ari zela, 4 tanto bata bestearen atzean egin, eta 29-24koa jarrita txapela tanto batera izan baitu. Barrenetxea, baina, suspertu egin da, eta 29-29koa jarri du markagailuan.

Sakatzailerik onenak, hernaniarrak, bere alde zuen finaleko azken sakea. Lehenengoa luze joan zaio, ordea, eta bigarrena laburregi geratu zaio; hortaz, Azpirozek eskuratu du txapela.

Honela joan da markagailua:

0-1, 0-2, 1-2, 2-2, 3-2, 4-2, 5-2, 5-3, 6-3, 6-4, 6-5, 6-6, 7-6, 8-6, 8-7, 9-7, 10-7, 10-8, 11-8, 11-9, 11-10, 11-11, 11-12, 11-13, 11-14, 11-15, 11-16, 12-16, 13-16, 13-17, 13-18, 13-19, 14-19, 15-19, 16-19, 17-19, 18-19, 18-20, 19-20, 19-21, 20-21, 21-21, 22-21, 23-21, 23-22, 23-23, 24-23, 25-23, 25-24, 26-24, 27-24, 28-24, 29-24, 29-25, 29-26, 29-27, 29-28, 29-29 eta 30-29.

Publizitatea
X
Publizitatea
X