Hainbat erremontistak Imanol Ansari babesa adierazi diote, Banakako Txapelketatik kanpo utzi dute eta: “Zaila egiten zaigu ulertzea”
Oriamendi 2010eko hamazortzi pilotarik, asteartean, adierazpena zabaldu dute. Ansa II.ari “babes osoa” adierazteaz gain, “erremontearen etorkizunaren aldeko aldarria ere” egin dute. “Oraindik garaiz gabiltza egoera hau konpondu eta Imanol Ansak Banakako Txapelketan parte hartzeko aukera izan dezan”, esan dute.
Imanol Ansa, artxiboko irudian. Argazkia: EITB.
Oriamendi 2010eko hamazortzi erremontistak Banakako Txapelketatik kanpo utzitako Imanol Ansari babesa adierazi diote. Pilotariek, asteartean, adierazpena zabaldu dute, eta nabarmendu dute “zaila” egiten zaiela erabakia ulertzea. Halaber, Ansa II.ari “babes osoa” adierazteaz gain, “erremontearen etorkizunaren aldeko aldarria ere” egin dute. “Oraindik garaiz gabiltza egoera hau konpondu eta Imanol Ansak Banakako Txapelketan parte hartzeko aukera izan dezan”, esan dute.
Hain zuzen ere, honako erremontista hauek sinatu dute adierazpena: Aitor Aiestaran, Paulo Aiestaran, Kemen Aldabe, Mattin Arluziaga, Xabier Azpiroz, Julen Deskarga, Aritz Eskudero, Josetxo Ezkurra, Ander Goikoetxea, Joseba Goikoetxea, Urtzi Gurrutxaga, Jon Irazu, Aimar Jabalera, Iban Larrañaga, Imanol de Rueda “Martixpe”, Beñat Segurola, Ugaitz Susperregi eta Jokin Ugarte.
Testuinguru horretan, “erremontista profesionalen gehiengo zabal batek sinatutako adierazpenean”, “babes osoa” adierazi diote Imanol Ansari: “Azken hilabeteotan zer gertatu den ikusita, eta alde guztien azalpenak entzun ondoren, ezin gara isilik geratu. Gure ustez, gatazka hau aspaldi joan da hasierako arrazoitik haratago. Hasieran aldi baterako neurri bat zirudiena, praktikan, gure lankide baten kirol-ibilbidea baldintzatzen ari den egoera bihurtu da. Hilabeteko zigorra bete ostean, nahikoa ez balitz bezala, Banakako Txapelketatik kanpo utzi dute Ansa II.a. Horrek pentsarazi digu gatazka honek kirol-esparrua gainditu egin duela, eta hartutako erabakiek Imanol Ansaren ibilbide profesionalari kalte egiten diotela”.
“Gainera”, jarraitzen du testuak, “azpimarratu nahi dugu Imanolek berak ere gatazka honetan Oriamendiri barkamena eskatu diola, bere erabaki batek enpresaren antolakuntzan eragozpenik edo kalterik eragin badu. Keinu horrek erakusten du egoera bideratzeko borondatea izan duela”.
“Pilotarion aldetik, une oro errespetuz eta era eraikitzailean jokatu dugu. Enpresarekin bilerak egin ditugu, idatzi bateratuak bidali ditugu eta gure kezka modu zintzoan helarazi dugu. Hala ere, sentitzen dugu gure iritzia ez dela kontuan hartu”, nabarmendu dute.
“Era berean, uste dugu ezin dela alde batera utzi Imanol Ansak urte hauetan guztietan erremontearen alde egin duen lana. Kirolari bikaina izateaz gain, afizionatuak borondatez entrenatu ditu, bisita gidatuak egin ditu hainbat hizkuntzatan, kantxako mantentze-lanetan ere parte hartu du, materiala hobetzeko lan egin du eta hobekuntza horiek pilotari guztien eskura jarri ditu. Horrez gain, askorentzat eredu eta lagun izan da, erremontearen etorkizuna sustatzen jardun du etengabe, eta beti interes komunak lehenetsi ditu, interes pertsonalak bigarren mailan utzita”, esan dute pilotariek.
Jarraian, erremontearen egoera izan dute hizpide: “Adierazi nahi dugu hau Imanol Ansaren aldeko babesaz harago doala. Erremontearen etorkizunaren aldeko aldarria ere bada. Azken erabakiak eta gatazkak kudeatzeko moduak giroa okertu egin dute, pilotarioi zuzenean eragin digute eta erremonteari berari kalte egiten ari zaizkio. Gainera, jakinik Oriamendi 2010, S.L. enpresak 2026 urtean utziko diola erremontea kudeatzeari, funtsezkoa iruditzen zaigu gatazka hau konpondu eta denon artean amaiera duin eta bateratua ematea”.
Sinatzaileen ustez, “gaur ez da bakarrik Imanol Ansa galtzen ari. Erremonte osoa ari da galtzen: pilotariak, zaleak eta modalitatea bera. Zaila egiten zaigu ulertzea urte luzez erremontearen alde dena eman duen pilotari batek, enpresak ezarritako epea bete ondoren, urteko txapelketarik garrantzitsuena jokatzeko aukerarik ez izatea”.
“Horregatik”, ondorioztatu dute pilotariek, “gure kezka eta desadostasuna publikoki adierazi nahi ditugu. Garaiz gabiltza. Erremontearen onerako, garaiz gabiltza egoera hau konpondu eta Imanol Ansak Banakako Txapelketan parte hartzeko aukera izan dezan. Uste dugu oraindik ere badagoela denon onerako izango den irtenbide bat aurkitzeko aukera. Erremonteak elkarrizketa, errespetua eta kirol-irizpide objektiboak behar ditu. Hori izango da beti gure konpromisoa”, amaitu dute.
Banakako Txapelketan, azken faseko koadroa iazko finalistak izan ziren Aritz Juanenea eta Endika Barrenetxea pilotariek osatuko dute; haiekin batera, Xabi Azpiroz, Josetxo Ezkurra, Iban Larrañaga eta Kemen Aldabe ere arituko dira. Txapelketa ostegunean aurkeztuko dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Imanol Ansa: “Txapelketa bat kenduko didate, lehiatzeko aukera ere bai, baina ez dute lortuko erremontetik urruntzea"
Orain hilabete, Oriamendik hilabete jokatu eta entrenatu gabe egotera zigortu zuen Imanol Ansa erremontista, eta Buruz Buruko Txapelketatik kanpo utzi zuen. Erabaki horren atzean arrazoi pertsonalak daudela salatu du Ansak, eta enpresa ez dagoela negoziatzeko eta egoera konpontzeko prest, eta egoera erremontisten zein kirolaren beraren etorkizunaren kalterako dela nabarmendu du.
Buruz Buruko Erremonte Txapelketa aurkeztu dute Chillida Lekun, espero bezala Imanol Ansa gabe
Egungo txapeldunak, Aritz Juaneneak, beste bost hautagairen kontra defendatu beharko du iaz lortutako txapela: Endika Barrenetxea, 2025eko finalean izan zuen aurkaria, Xabi Azpiroz, Josetxo Ezkurra, Iban Larrañaga eta Kemen Aldabe. Finala urriaren 3an jokatuko da. Bestalde, Imanol Ansak prentsaurrekoa eskainiko du ostiral honetan, 11:00etan, Urnietako udal pilotalekuan.
Aritz Juaneneak azaldu du zergatik ez zuen sinatu hainbat erremontistak Imanol Ansaren gainean argitaratutako adierazpena
Saldiasko pilotariak erremonteko Banakako Txapelketako aurkezpenaren ostean hitz egin du; 2025ean, berak irabazi zuen txapelketa, eta aurten Ansa II.ak ezingo du parte hartu. Halaber, nabarmendu du erabat babesten duela Imanol Ansa.
Aldabe eta Barrenetxea, garaile Zarauzko txapelketan
Aldabek eta Barrenetxeak irabazi dute Zarauzko Erremonte Torneoko finala. Bi setetan hartu dituzte mendean Segurola eta Juanenea. Lehenbizikoan, 15-7 nagusi izan dira eta bigarrenean, pixka bat gehiago estutu badituzte ere, 15-9 eta seta poltsikora.
Zarauzko erremonte torneoa, ostiraletik igandera
Torneoa herriko Aritzbatalde pilotalekuan jokatuko da, bi multzotan banatuta. Lehenengo finalerdia ostiral honetan jokatuko dute, San Inazio egunean: Aldabe eta Barrenetxea IV.a Goikoetxea V.aren eta Azpirozen kontra ariko dira. Larunbatean, bigarren finalerdian, Segurolak eta Juaneneak Ezkurra II.aren eta Larrañagaren aurka jokatuko dute.
Summer Seasoneko finalerako material aukeraketa egin dute Galarretan
Summer Seasoneko finala jokatuko dute Juanenea-Aldabe eta Barrenetxea IV-Zubiri bikoteek, larunbatean, Galarretan. Hautatu dute materiala, txapelagatik lehiatzea geratzen zaie orain.
Otxandorena eta Mitxeo, San Fermin Torneoko irabazleak
Eloy Otxandorena eta David Mitxeo dira erremonteko San Fermin Torneoko txapeldunak. 35-33 garaitu dituzte Matxin III.a eta Ion, pare bat alditan irauli behar izan duten partida gogorra jokatuta.
Imanol Ansak ez du Summer Season torneoa jokatuko
Erremonteko Summer Season txapelketa aurkeztu dute. Lau bikotek hartuko dute parte larunbatean hasi eta hilaren 25ean amaituko den torneoan. Imanol Ansak ez du jokatuko “Oriamendiko zuzendaritzak hartutako erabakien kontra” egindako ekintza batzuen ondorioz, hala azaldu du Xabi Gonzalez kudeatzaileak.
Ansa: “Txapel honek badauka pisua garaitu ditugun aurkariak ikusita”
Imanol Ansa eta Aritz Zubiri, “Erremontari”-ko txapeldunak, Miramonen izan dira gaur. Zubirik azaldu du ilusio berezia egiten dion txapela dela “Azken Erremontari eta, seguraski, nire azken txapelketa” izango baitira. Ansak Nafarroako Erremontista taldeari eskaintzen dio txapela. Izan ere, alargun geratzen dira erremontistak aurten eta haiek izan dira ateak iriki dizkietenak.