Horrelakoa izan da euskal kirolarien jardunaldia abuztuaren 31n, larunbata
IGERIKETA
Iñigo Llopis gipuzkoarrak 100 metro bizkarreko paralinpiar txapelketa irabazi du larunbat honetan Parisen, elbarri fisikoen S8 mailan, eta podiumera igo da berriro, duela hiru urte Tokion zilarrezko domina jaso zuenean bezala.
Mikel Erdozain bizkaitarrak, berriz, 50 metro bizkarreko sailkapen proba lehiatu du. 1:43ko denborarekin, bere multzoko bosgarren postuan geratu da eta ez du finalerako txartela lortu.
Ivan Salguero igerilari nafarrak debuta egin du 400 metro libreko finalera sailkatuta. Salguero parte hartzaileen artean 7. marka onenarekin sartu da finalera, 4:19ko markarekin.
Finalean ere zazpigarren geratu da, podiumetik oso urrun, 4:19.92ko denborarekin. Podiuma Ihar Boki (urrea) eta Alex Portal (zilarra) eta Kylian Portal (brontzea) frantziarrek osatu dute.
ARRAUNA
Atzoko porrotaren ostean, Perle Bougek irabazi du bigarren aukerako estropada, binakako scull mistoan. Baionan bizi den arraunlariak A finalerako txartela lortu du 8:29.61eko denborarekin.
BOCCIA
Amagoia Arrieta bocciako jokalariak ezin izan du final-laurdenetarako txartela lortu B1 modalitatean. Debatarrak, Aurelie Aubert frantziarraren aurka galdu ondoren, porrot gogorra jaso du Yee Tan Singapurreko jokalariaren eskutik, 1-5eko emaitzarekin.