Realak garaipenari ihes egiten utzi dio azken hasperenean, Lovainan (1-1)
Abagune gutxiko lehen zatiaren ostean, Turrientesek bigarren zatiko lehen minutuan sartutako gol batek aurretik jarri ditu txuri-urdinak, baina Keitak berdinketaren gola egin du azken minutuetan.
Mikel Oyarzabal, baloi bat lortzeko lehian, Lovainan jokatutako partidan. Argazkia: EFE
Realak aukera berri baten zain egon beharko du Europa Ligako aurtengo edizioan bere lehen garaipen lortzeko,Saint-Gilloiseren zelaira egindako bisitan azken hasperenean ihes egiten utzi ostean(1-1). Beñat Turrientesek bigarren zatiko lehen minutuan sartutako golak talde donostiarra aurretik jarri du, baina Keitak banakoa jarri du azken minutuetan.
Aukera gutxi lehen zatian
Talde gipuzkoarra ez da inoiz eroso egon, lehen zatian behintzat, batez ere Saint-Gilloiseren presioaren aurrean baloia jokatuta ateratzeko orduan.
Bederatzigarren minutuan, Besfort Zenelli suediarrak hegaletik ateratako falta batean, Massire Sylla erdiko atzelari senegaldarrak zutoinera bidali du baloia, lehen zatiko abagune argiena.
Ez da susto bakarra izan Realarentzat, hamaika minutu geroago, 20.ean, Relebohile Mofokeng aurrelari hegoafrikarrak ez baitu asmatu Louis Patris hegalekoak utzitako baloia atean sartzen, area inguruan lapurreta arriskutsu bat egin ostean.
Donostiarrei zehaztasuna falta izan zaie trantsizio guztietan, eta gola sartzeko aukera bakarra Mikel Oyarzabalen kalitatea zuen Matarazzoren taldeak.
Hala gertatu da, hain zuzen ere, kapitainak bere talentu guztia erakutsi duen jokaldi batean, area barruan maniobra ikusgarria eginez.
Erritmo biziagoa bigarren zatian
Esan bezala, lehen 45 minutuetan arrisku gutxi sortu du talde txuri-urdinak, eta Beñat Turrientes berdeguneratuta jokoari bultzada berri bat ematen saiatu da Matarazzo.
Erdilariak ukitu duen lehen baloian Reala markagailuan aurretik jarri du (0-1). Herve Koffi atezaina eta Kamiel Van de Perre Saint-Gilloiseko kapitaina ez dira ondo konpondu, eta beasaindarrak ederki aprobetxatu du hanka-sartzea.
Gol horrek, talde belgikarra baretu beharrean, are gehiago kitzikatu ditu etxeko jokalariak, eta partida area batetik bestera, joan eta etorri etengabea, bihurtu da.
Baina ez etxekoek, ez bisitariek, ez dute asmatu sortu dituzten aukeretako bat aprobetxatzen, eta horrek Realari garaipena poltsikoratzeko aukera ematen ziola zirudien. Hala ere, azken hasperenean hiru puntuek ihes egin diete txuri-urdinei.
Sekou Keita zelairatu berriak ez du alferrik galdu Igor Zubeldiaren huts egite bat, atzelari txuri-urdinak ez baitu baloia ondo aldaratu. Horrela, 88 minutuan, alboko falta bat atera eta bigarren zutoinean bakar-bakarrik errematatu du, banakoa egiteko.
Norgehiagokaren azken jokaldian, Gorrotxategiren baloi luze bat Saint-Gilloiseko jokalari bat bere atean sartzeko zorian izan da. Massire Sylla etxekoen atzelariak atera du goleko marraren gainean.