Golik gabeko berdinketa Realaren eta Celtaren artean (0-0)
Markagailua ez da mugitu ate aurrean bietako batek ere ez baitu asmatu. Realak eraman du jokoaren pisua lehen zatian, baina Celtak lehia orekatu du atsedenaldiaren ostean.
Nuñez eta Barrenetxea, Anoetan jokatu den partidan. Argazkia: EFE
Realak eta Celtak hutsean berdindu dute Anoetan, EA Sports Ligako 6. jardunaldian. Txuri-urdinek sortu dituzte lehen zatiko abagune arriskutsuenak, baina, atsedenaldiaren ostean, Vigoko taldea suspertu egin da eta partidaren agintea hartu du. Hala ere, talde bietako batek ere ez du golaren bidea aurkitu.
Lehenengo zatian, Realak aukera argia izan du korner batean Jon Martinen burukada bat sarera bidean joan baita, baina Raduk ate barrura heltzea eragotzi du. Gero, Oyarzabalek izan du aukera, Oskarssonen asistentzia bat jaso ostean, baina errumaniar atezainarekin egin du topo. Kubok aldaratzea jaso du, baina ate gainetik kanpora joan zaio errematea.
Bigarren zatian, Celta lehen zatian baino hobeto aritu da, eta nagusitu egin da. Antañonek kontraeraso batean izan du lehen aukera, eta Aspasek, berriz, berdegunera sartu eta gutxira. Aurrelariak penalti puntutik gertu errematatu du, baina Remirok gelditu egin du.
Guedesek izan du azken abagune nabarmena zutoinetik gertu joan den jaurtiketa gurutzatu batekin. Realak lehen erdian jokatu ditu bere minuturik onenak, baina ez du asmatu, eta hutsean utzi du markagailua.