Emaitza gogorra Realarentzat, Londresen aurpegia eman arren (5-2)
Aturo Ruizek zuzentzen duen taldeak gol sorta ederra jaso du Londresen Chelsearen aurka jokatutako Txapeldunen Liga aurreko faseko joaneko partidan.
Realak aurpegia eman du, baina ezin izan du emaitza onik lortu. Arturo Ruizek zuzentzen duen taldeak 5-2 galdu du Chelsearen aurka Londresen jokatu duen partidan, Txapeldunen Ligako atariko faseko joaneko partidan. Donostiako taldeak emaitza gogorra du itzulirako, nahiz eta talde indartsu horren aurka irudi bikaina eman duen.
Arturo Ruizen taldeak ezin hobeto ekin dio neurketari. Etxekoen hurbilketa batzuen ondoren, Realak abantaila hartu du 7. minutuan, Ainhoa Marinek areatik kanpo egindako jairtiketa ikusgarri bati esker. Katalanak eskuadran jarri du baloia.
Jarraian, Londresko taldearen erreakzioa etorri da, Sandy Baltimoreren area barrutik egindako jaurtiketa batekin, eta 11. minutuan berdintzetik gertu egon da. Baloiak bete-betean jo du langa, errebotatu, eta atera egin da.
Orduan, Realak bere area ertzean bildu eta baloia Chelseari uztea erabaki du, kontraerasoan irteten saiatzeko. Eta horrela iritsi dira txuri-urdinen kontrol handieneko minutuak. Hala ere, Realaren unerik onenean iritsi da berdinketaren gola, Katie McCabek zerbitzatutako korner batean Naomi Girmak lehen zutoinean egindako errematearen bidez. Arturo Ruizen taldeak gaizki defendatu du jokaldia, bigun samar.
Ordutik atsedenaldira arte, bi taldeek arrisku pixka bat sortu dute baloi geldikako jokaldietan, baina markagailua ez da mugitu (1-1).
Chelseak biziago hasi du bigarren zatia, abantaila hartu nahian. Horrela, 55. minutuan, Londresko taldeak markagailua desorekatu du, Veerle Buurmanek buruz errematatu baitu Lauren Jamesek ondo botatako kornerra.
Realak, kikildu beharrean, nortasun handia erakutsi du eta laster bilatu du berdinketa. Ildo horretan, Cecilia Marcosek 2-2koa jarri du 58. minutuan, ezkerrez gurutzatutako jaurtiketa batekin, kontraerasoan egindako jokaldi bati amaiera emateko.
Jarraian, etxeko taldea aulkia mugitzen hasi da eta 67.ean Melvine Malard frantziarrak, gaur Chelsearekin debuta egin duenak, 3-2koa jarri du, Julia Arrularen aurkako buruz burukoa bikain konpondu ondoren.
Minutuek aurrera egin ahala, Chealsearen indar fisikoa nabaritzen hasi da, eta horrek partida erabakita uzteko balio izan die. Elie Carpenterrek, eskuinetik egindako bi igoerarekin, Chelsearen azken bi golak sortu ditu. Lehenengoa 74. minutuan errematatu du Lauren Jamesek, eta bigarrena, Melvine Malardek, 87. minutuan.
Itzuliko partida irailaren 2an jokatuko da, asteazkenean, 19:00etan, Zubietan.