Alvaro Odriozolak ezker belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi du
Realeko atzelariak belauna bihurritu zuen larunbatean, Anoetan, Oviedoren aurka jokatutako partidan.
Alvaro Odriozolaren irudia, Oviedoren aurkako partidan, zelaia uzten. Argazkia: EFE
Alvaro Odriozola Realeko atzelariak ezker belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi du, klubak igande honetan argitaratutako mediku-txostenaren arabera.
Odriozolak zelairatu eta minutu eskasera hartu zuen min, larunbatean, Anoetan, Oviedoren aurka jokatutako norgehiagokan.
Jokalariari egindako probetan, ezker belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi duela ondorioztatu dute. Horrenbestez, datozen egunetan zehaztuko dute noiz egingo dioten ebakuntza.
Lesioa kolpe latza da Alvaro Odriozolarentzat, denboraldiko unerik onenean gertatu zaiolako. Izan ere, Pellegrino Matarazzo entrenatzailearen konfiantza izaten ari zen azkenaldian, denbora luzez jokatu gabe egon ostean.