Realak Sergio Francisco kargutik kendu du, eta, behin-behinean, Ansotegik ordezkatuko du
Irungo entrenatzailearen agindupean, Realak 4 garaipen, 4 berdinketa eta 8 porrot izan ditu, eta sailkapeneko 15. postuan dago, 16 punturekin, jaitsieratik puntu batera.
Sergio Francisco, Alavesen aurkako partidan. Argazkia: EFE
Sergio Franciscok ez du Reala entrenatzen jarraituko, klub txuri-urdinak igande honetan iragarri duenez.
EA Sports Ligako azken hiru partidetan, Vila-real, Alaves eta Gironaren aurka, hiru porrot jaso ondoren, klubak Irungo entrenatzailea baztertzea erabaki du.
Sergio Francisco udan iritsi zen lehen taldera, hiru denboraldiz bigarren taldea (Sanse) entrenatu ondoren, Imanol Alguacilek utzitako hutsunea betetzeko.
Horren gidaritzapean, Realak 4 garaipen, 4 berdinketa eta 8 porrot izan ditu, eta sailkapeneko 15. postuan dago, 16 punturekin, jaitsiera postuetatik puntu bakarrera.
Sanseko egungo entrenatzaileak, Jon Ansotegik, zuzenduko du lehen taldea, behin-behinean, gabonetako etenaldiaren aurretik falta diren bi partidetan. Imanol Agirretxe izango da bigarren entrenatzailea.