Carlos Fernandezen gol bikain batek urrezko hiru puntu eman dizkio Realari Valentzian (0-1)
Realak 0-1 irabazi du Mestallan, Valentziaren aurka, asteazken gauean, 2023-24 denboraldiko EA Sports Ligako zazpigarren jardunaldian. Carlos Fernandezek sartu du, 32. minutuan, Imanolen taldeari garaipena eman dion gola; lortutako hiru puntu horiek zenbatuta, Realak 12 puntu ditu, dagoeneko, sailkapenean, eta, behin-behinean, bosgarren postuan jarri da. Txuri-urdinek jokalari bat gehiago izan dutela jokatu dute bigarren zatian, epaileak Amallah Valentziako futbolaria kanporatu egin baitu; Carlos Fernandezek egindako gola ederra izan da, ikusgarria.
Realak, denboraldiko puntu honetan, elkarren segidako neurketa asko ditu, horietako batzuk maila handiko aurkarien kontrakoak: Real Madril, Inter Milan, Getafe, Valentzia, Athletic eta Salzburgo, hamasei egunetan. Hori kontuan izanik, txuri-urdinek Mestallan erdietsitako garaipenak balio oso handia du. Valentziako zelaia beti izaten da zaila, eta, gainera, Imanolek atsedena eman ahal izan die, partidako tarte luze batean behintzat, hasierako hamaikakoan ohikoak diren zenbait futbolariri.
Carlos Fernandezen lana da bereziki nabarmentzekoa. Aurrelariak denboraldiko aurreneko gola egin du, eta, hori gutxi balitz bezala, gol polit horrek garaipena eman dio taldeari. Agian, baloiarekin, ez dugu ikusi Reala beste batzuetan bezain fin; baina Gipuzkoako taldea aurkaria baino gehiago izan da, eta partidan izan duen abantaila baliatzen jakin du. Abantaila markagailuan, eta zelaian ere, Valentzia hamarrekin aritu baita, lehen zatiko azken minutuetatik.
Valentzia-Reala partidako laburpena (0-1)
Carlos Fernandez eta Oyarzabal izan dira Realaren hasierako hamaikakoan, erasoan; Cho zelairatu da ezkerretik, eta Zubeldia, Zubimendi, Brais, Kubo eta Barrenetxea, besteak beste, aulkian izan dira neurketa hasi denean. Jon Pacheco eta Aritz Elustondo jarri ditu Imanolek atzealdean, erdian, Remiroren aurretik. Valentzian, Ruben Barajak Sekim Amallahren aldeko apustua egin du, zelai erdirako.
Pesioa eta erritmo bizia
Reala sendo sartu da partidara, eta ondo erantzun dio Valentziari. Etxeko taldea hasieratik saiatu da erritmo bizia jartzen; zaleek bultzatuta, berdegunean zenbait jokalari gazte zituela, etxeko taldeak presio gogorra egin du, eta Reala estutu du. Gipuzkoako taldea, aurreneko ordu erdian, gutxitan irten da erasora. Alex Remirok, 16. minutuan, geldiketa bikaina egin dio Amallahri, eta 1-0ekoa eragotzi du atzein nafarrak. Valentzia ondo ari zen jokatzen, baina ematen zuen Realak kontrolpean zuela egoera, ez baitzuen zailtasun handirik etxekoen erasoei aurre egiteko.
Orduan, Realak 0-1ekoa sartu du, jokaldi bikain batean. Kieran Tierneyk, trebetasun handiz, azkar atera du falta bat, luzean, ezkerrez, behetik, arearantz; Carlos Fernandez zegoen bertan, atzelariei bizkarra irabazita. Andaluziarra, buelta emanda, ezin hobeto gainditu du Diakhaby, eta ondo jaurti du; Mamardashvilik ez du inolako aukerarik izan Realaren gola galarazteko. Gol bikaina lortu du Carlos Fernandezek, denboraldiko aurrena.
Golak Reala sendotu du; Donostiako taldeak argiago hartu du zelai erdiaren kontrola. Txuri-urdinek, hala, nahi zuten puntuan zeukaten partida, eta, gainera, atsedenaldira iritsi aurretik, Realarentzako beste jokaldi mesedegarri bat ere izan da; hain zuzen ere, bi jokaldi izan dira, biak Amallahrenak. Lehenengoan, Valentziako futbolariak Mikel Merino zapaldu du, eta epaileak txartel horia atera dio; bigarrenean, jokalari berak kolpea eman dio aurpegian Mikel Oyarzabali, eta bigarrenez ikusi du txartela. Lau minututan bi aldiz zigortu du Hernandez Hernandezek Amallah; inpresioa da kanporaketa zuzena izan dela, eta epaileak asmatu egin duela. Horrenbestez, Realak alde zuen markagailuan, bigarren zatia hasi baino lehen, eta gizon bat gehiago zuela zelairatu da atsedenaldiaren ostean.
Burua hotz
Aurkariak baino jokalari bat gehiago zuela, Realak ondo ekin dio bigarren zatiari. Baloia ondo mugituz eta etengabeko lana eginez, talde txuri-urdinak ez du oztopo handirik izan; Valentzia ondo ibili da borrokan, baina Gipuzkoako taldeak ederto izan du barneratuta zer egin behar zuen, ez du akatsik egin, eta ziurtasuna eta fidagarritasuna erakutsi ditu. Burua hotz izan dute Realeko jokalariek.
Egia esan, Realak huts egite bat izan du atzealdean, partidako azken minutuetan: Alex Remirok, partida osoan oso sendo ibili bada ere, ez du asmatu, jokaldi batean, pasea egitean, eta baloia Javi Guerrari geratu zaio. Valentziako jokalariak, baina, kanpora jaurti du. Horrez gain, luzapenean, etxeko taldeak penaltia eskatu du, Alvaro Odriozola protagonista izan duen jokaldi batean; Barajaren gizon batzuen iritziz, donostiarraren eskuan jo du baloiak. Hernandez Hernandez epaileak, hala ere, ez du ezer adierazi, eta VOR aretotik inork ez du zuzendu. Realak, hortaz, lanean jarraitu du, azkenenean eskuratu duen garaipena ziurtatu arte.
Fitxa teknikoa
0 – Valentza: Mamardashvili; Thierry (Mosquera, 46. min), Diakhaby, Cenk, Gaya (Paulista, 55. min); Javi Guerra, Pepelu, Amallah; Fran Perez (Almeida, 55. min), Diego Lopez (Yaremchuk, 74. min) eta Hugo Duro.
1 – Reala: Remiro; Traore (Odriozola, 46. min), Aritz, Pacheco (Zubeldia, 61. min), Tierney (Aihen, 71. min); Cho, Gonzalez de Zarate (Zubimendi, 46. min), Turrientes (Brais Mendez, 61. min), Merino; Carlos Fernandez eta Oyarzabal.
Gola: 0-1, 32 min: Carlos Fernandez.
Epailea: Hernandez Hernandez (Kanarietako Batzordea). Valentziako Javi Guerrari eta Mosquerari atera die txartel horia, bai eta Realeko Gonzalez de Zarate, Pacheco, Traore, Carlos Fernandez, Brais Mendez, Merino eta Zubeldia jokalariei. Amallah kanporatu du, bi txartel hori aterata, eta Valentziako David Rangel ordezkaria ere, zuzeneko txartel gorria erakutsita.
Gertakizunak: EA Sports Ligako zazpigarren jardunaldiko partida. 44.200 zale izan dira Mestallan.
Zure interesekoa izan daiteke
Nerea Eizagirre: "Beti esan dugun bezala, eguneroko lan horretan dago gakoa"
Realak 3-0 irabazi du Zubietan jokatutako euskal derbian. Partidaren ostean, Eizagirre pozarren agertu da, eta orain arte egindako lan ona azpimarratu du.
Realak 3-0 irabazi dio Eibarri Zubietan jokatutako euskal derbia
Txuri-urdinak nagusitu dira armaginen aurkako F Ligako 17. jardunaldiko partidan. Intza Egigurenek lehena egin eta gero, bigarren zatian Eibarrek bere atean sartu ditu hurrengo bi golak.
Sanse galtzaile atera da Leganesen aurkako partidan (2-0)
Fragak penalti bat gelditu du, baina Donostiako taldeak ezer gutxi egin ahal izan du Madrilgoaren nagusitasunaren aurrean.
Matarazzo: "Partidu hauetan egin duguna errendimendua da, ez zortea"
Realeko entrenatzaileak Celtaren aurka jokatuko duten partidaz hitz egin du, EA Sports Ligako 21. jardunaldian. Bestalde, Gotiren irteeraz ere mintzatu da.
Beñat Turrientes: “Oso pozik nago, dena ondo ari zait ateratzen”
Rino Matarazzok talde txuri-urdina hartu zuenetik, Realeko erdilaria jokalari onenetakoa ari da izaten. EITB beasaindarrarekin izan da.
Nahia Aparicio: "Eibarren aurkako partidak beti dira zailak"
Realak eta Eibarrek derbia jokatuko dute igande honetan, urtarrilak 25, F Ligako 17. jardunaldian. Nahia Apariciok neurketa nola ikusten duen azaldu du elkarrizketa honetan.
Kubok lesioa du ezker hankako iskiotibialean
Jokalari japoniarra astelehen honetan ebaluatu dute klubeko zerbitzu medikuek.
Aramburu: "Asko sufritutako garaipena izan da"
Realeko jokalariak Bartzelonaren aurkako garaipenari buruz hitz egin du (2-1) Anoetan, EA Sports Ligako 20. jardunaldian.
Anoetako "danborradak" Bartzelona garaitu du (2-1)
Intentsitate handiko partida izan da, eta txuri-urdinek Oyarzabalen eta Guedesen golei esker lortu dute garaipena.
Realak indarrean segitzen du, Sevilla etxetik kanpo garaituta (0-2)
Realak 0-2 irabazi dio Sevillari, eta, horrenbestez, bikain eusten ari zaio F Moeve Ligako hirugarren postuari. Claire Lavogezek eta Nerea Eizagirrek sartu dituzte txuri-urdinen golak.