Osasunak norabiderik gabe jarraitzen du etxetik kanpo (1-0)
Osasunak 1-0 galdu du Gironaren aurka larunbat honetan, Montilivin jokatu den EA Sports Ligako 19. jardunaldiko partidan. Gorritxoek etxekoek baino aukera gehiago izan dituzte eta jokoa kontrolatu dute, baina Varaten golak garaipena eman dio Kataluniako taldeari.
Gorritxoen lehen aukera kontraeraso batean heldu da. Galanek Moncayola bilatu du area barruan, baina horren erremateak atzelari bat jo du. Minutu batzuk geroago, Galanek erdiratu du eta Budimirrek buruz kanpora bidali du, gutxigatik.
Victor Muñozek ere aukera paregabea izan du area barruan bolea batekin, atzelaririk gabe, baina jaurtiketa gora joan zaio.
Jokoa oso berdinduta egon da, eta bi taldeek zenbait aukera arriskutsu izan dituzte. Gironak Osasuna bere arean ixtea ere lortu du une batzuetan, eta atsedenaldira joan baino lehen markagailua ireki du. Moreno area barruraino sartu da, eta Vanat bakar-bakarrik ikusita, baloia eman dio, eta orpoarekin jota egin du gola (1-0).
Berdintasuna izan da nagusi bigarren zatian ere, eta lehen aukera argia Ruben Garciak izan du, urruneko jaurtiketa batekin, baina baloia langara joan da. Handik gutxira, Vanatek bigarren gola sartu du, baina epaileak baliorik gabe utzi du jokoz kanpo zegoelako.
Osasunak jokoaren kontrola areagotu du hurrengo minutuetan. Ruben Garcia falta jaurtiketa batekin saiatu da gola egiten, eta Torroren burukada bat sare barruan amaitzetik gertu egon da, baina ez du gola egiterik izan.
Luzapenean, epaileak Lass kanporatu du, Aimar Orozi egindako falta batengatik txartel gorria aterata.
Hala, Osasunak galdu egin du, eta etxetik kanpo irabazi gabe jarraitzen du Ligan.