Aresok Osasunarekin entrenatu gabe jarraitzen du, bere etorkizuna erabaki bitartean
Osasunak lan saioa egin du gaur goizean Tajonarren, baina, beste egun batez, Jesus Aresok bere aldetik egin du entrenamendua, bere etorkizuna argitu bitartean.
Tajonarreko bigarren zelaian bakarka korrikan ari zela, Iñaki Ibañez Osasunako delegatua joan zaio eta sakelako telefonoa pasatu dio. Cascanteko jokalaria gelditu egin da, eta 10 minutuz aritu da telefonoz hizketan.
Deia bukatuta, baloi baten gainean eseri da, eta denbora batez bere taldekideak nola entrenatzen zuten begira egon da. Lan saioa amaitu gabe, zelaia utzi du eta barrura joan da.
Osasunak bihar jokatuko du aurredenboraldiko lehen lagun arteko partida, baina Aresok ez du parte hartuko, bere etorkizuna erabakitzeko baitago.
Athleticek denbora darama Osasunako hegaleko defentsa fitxatu nahian, baina azken orduotan Atletico Madrilek aurrea hartu omen dio talde zuri-gorriari. Ikusteko dago zer gertatuko den.