Osasunak 1-0 galdu du Bartzelona aurkari, Superkoparengatik atzeratutako partidan
Osasunak galdu egin du, 1-0, asteazkenean, Bartzelona aurkari, Estadi Olimpic Lluis Companys futbol zelaian, EA Sports Ligako hogeigarren jardunaldiari zegokion baina Superkopagatik atzeratu zuten partidan. Vitor Roquek egin du Bartzelonari garaipena eman dion gola, bigarren zatiko 18. minutuan. Azken ordu erdian, Osasuna hamar jokalarirekin aritu da, epaileak Unai Garcia kanporatu baitu; hala ere, neurketako azken jokaldira arte ibili da Nafarroako taldea berdinketaren bila.
Bartzelona-Osasuna partidako laburpena (1-0)
Lehen zatia parekatua izan da. Bartzelona hasieratik ahalegindu da Osasuna estutzen, baina Jagoba Arrasateren gizonek berehala erakutsi dute ez zeudela atzean gelditzeko prest.
Etxeko taldearen arriskua estrategian iritsi da; hiru falta-sakeren ondorioz, Bartzelonak hiru burukada on izan ditu, bata Lewandowskirenak eta beste biak Kounderenak. Aurreneko zatiko abagunerik onena, baina, Osasunak izan du: 39. minutuan, Moncayolak oso ondo atera du korner bat, Lucas Torrok lehen zutoinean jo eta Budimirrek, bakarka, atetik oso gertu, ez du errematea ondo zuzentzerik izan.
Lehen 45 minutuetako okerrena Ferran Torres Bartzelonako jokalariari egokitu zaio; izan ere, Bartzelonako aurrelariak berdegunea utzi behar izan du, lesionatuta, seigarren minutuan.
Bigarren zatiko lehen minutuetan, Bartzelona, norgehiagokaren hasieran ere egin duenez, ahalegindu da jokoari erritmoa ematen, eta zelai erdia argiago kontrolatzen. Xavi Hernandezen jokalariek baloia azkarrago mugitzea lortu dute. Laimne Yamalek abagune ona izan du 47. minutuan, baina Aitorrek erantzun ona eman dio hegaleko gaztearen jaurtiketari.
Partidaren emaitza zehaztu duen gola 63. minutuan izan da. Orduan, Bartzelonak erasoko jokaldi polita egin du, Osasunaren area ertzean; De Jongek ondo jarri dio baloia, sakonean, Cancelori, eta azken horren erdiraketa Vitor Roquek errematatu du, buruz, lehen zutoinean.
Ia jarraian, epaileak Unai Garcia kanporatu du, bigarren txartel horia aterata. Jagoba Arrasateren taldeari, hala, oso zail jarri zaio partida, baina gauza jakina da Osasunak inoiz ez duela amore ematen, eta Bartzelonan ere ikusi ahal izan dugu hori. Nafarroako taldea amaierara arte ibili da berdinketaren bila, eta Raul Garciak izan du aukerarik argiena hori erdiesteko, 77. minutuan; David Garciak bikain berreskuratu du baloia, eta Ruben Garciak pase ederra eman dio Raul Garciari, baina aurrelariaren jaurtiketa zutoinera joan da.
Horrenbestez, Osasunak 26 puntu dituela jarraitzen du, hamabigarren postuan. Igandean, Celta izango du aurkari, Sadarren.
Fitxa teknikoa
1 - Bartzelona: Iñaki Peña; Kounde, Araujo, Cubarsi, Cancelo; De Jong, Gündogan, Pedri (Romeu, 77. min); Lamine Yamal, Lewandowski, Ferran (Fermin, 6. min, Vitor Roque, 62. min).
0 - Osasuna: Aitor; Areso, David Garcia, Unai Garcia, Herrando, Mojica; Moncayola (Kike Barja, 83. min), Torro (Ibañez, 83. min), Aimar (Brasanac, 68. min); Budimir (Ruben Garcia, 68. min), Arnaiz (Raul Garcia, 68. min).
Gola: 1-0: Vitor Roque, 63. min.
Epailea: Figueroa Vazquez (Andaluzia). Pedri zigortu du, txartel horia ateraz, eta Unai Garciari bi txartel hori atera dizkio (16. eta 67. min).
Gertakizunak: EA Sportos Ligako 20. jardunaldiko partida, Estadi Olimpic Lluis Companysen; 37.888 zale izan dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Moi Gomez Osasunako jokalariak lesioa du bizeps femoralean
Talde gorritxoak ez du zehaztu zenbat denbora egongo den bajan. Erdilari gorritxoak minduta bukatu zuen Alavesen kontrako partida.
Moncayola: “Ez da gure eguna izan, akats asko egin ditugu”
Jon Moncayolak onartu du Osasunak akats asko egin dituela eta bost gol sartuta oso zaila dela Lehen Mailan puntuak batzea.
Luis Miguel Ramis: “Partida parekatua izango dela uste dut"
Alavesek eta Osasunak igandean neurtuko dituzte indarrak Mendizorrotzan, oso derbi parekatuan. Bi taldeak defentsan sendotasuna erakutsita iritsiko dira hitzordu honetara, lehen hiru jardunaldietan gol bakarra jaso baitute. Gainera, Romain Del Castillok debuta egiteko aukera izango du, talde gorritxoarekin bat egin berritan.
Osasunak Rockson eta Del Castillo aurkeztu ditu, Sadarren
Nafarroako taldeak ondo ekin dio EA Sports Ligari; izan ere, jokoan izan diren aurreneko bederatzi puntuetatik, zazpi bereganatu ditu. Ostegunean, bi jokalari berri hauen aurkezpena egin du.
Osasunak Romain Del Castillo aurrelaria fitxatu du
Del Castillo, 30 urtekoa bera, Brest taldetik iritsi da Osasunara, alegia, Frantziako Ligatik. Nafarroako klubak milioi bat euro ordaindu du jokalaria fitxatzeko, baina, hainbat aldagai beteta, beste 450.000 euro ere ordain litzake. Futbolariak bi denboraldirako sinatu du, eta beste denboraldi batez luza dezake.
Sergio Herrera: “Pozik eta konfiantza handiarekin egon behar dugu”
Osasunak 1-0 irabazi dio Getaferi. Sergio Herrerak azaldu duenez, "Getafe ez da talde erraza", baina Ruben Garciak, bere aldetik, "ondo defendatu" dituztela adierazi du eta lortutakoaz harro agertu dira biak. (Bideoa gazteleraz)
Budimirrek Osasunaren garaipena sinatu du Getaferen aurka (1-0)
Osasunak denboraldi hasiera onari eustea lortu du Getaferen aurka, Sadarren, eta, partida parekatua izan arren, garaitezin jarraitzea lortu du.
Luis Miguel Ramis: “Getaferen proposamena oso argia da eta oso ondo islatzen dute"
Luis Miguel Ramis entrenatzaileak badaki talde indartsua izango dutela aurrean, ideiak oso argi dituena, baina Osasuna etxean Getaferen aurka lehen garaipena lortzeko prest dago, horren ustez.
Ramis: “Oso garrantzitsua zen etxetik kanpo indartsu lehiatu gaitezkeenaren sentsazioa izatea”
Osasunak markagailua irauli du Celtaren aurka, denboraldiko lehen garaipena lortuz (1-2). Luis Miguel Ramisek azpimarratu du garaipen hori merezi zutela, bat gehiagorekin egoteak abantaila eman dien arren. (Bideoa gazteleraz)
Osasunak markagailua irauli eta garaipena eskuratu du Balaidosen
Aspasek aurretik jarri ditu etxekoak, baina Marcos Alonsoren kanporaketak partida aldatu du eta Barjak eta Budimirrek markagailua irauli dute.