Ane Azkonak Athleticen jarraituko du 2028ra arte
Aurrelari nafarrak hamar urte beteko ditu azaroan debuta egin zuenetik, eta bi denboraldiz luzatu du kontratua.
Ane Azkona, Athletic Clubeko jokalaria. Argazkia: Europa Press.
Ane Azkona aurrelari nafarrak Athletic jokatzen segiko du datozen bi denboraldietan, 2028ra arte, klubak astearte honetan baieztatu duenez. Azkonak (27 urte) 2016ko azaroan egin zuen debuta; beraz, 2026-27 denboraldian hamar urte beteko ditu zuri-gorri gisa.
Ikasturte honetan, 200 neurketen langa gainditu du, eta orain arte 208 partida ofizial jokatu ditu Athleticekin: guztira 41 gol sartu ditu.
Ardoi futbol-taldetik iritsi eta berehala egin zuen debuta lehoiekin, 18 urte zituela, Levanteren aurka. Hasieran, lehen eta bigarren taldean ibili zen arren, 2019-20 denboraldia ezkero lehen taldean jokatu du.
Denboraldi honetan, 30 partidatan hartu du parte: 27, F Ligan; bi, Kopan, eta bat, Superkopan. Orotara, zortzi gol sartuta, Azkona da golegile nagusia hirugarren urtez jarraian.