Alaves 1-0 garaitu du Vila-real Boyek bultzatuta
Argentinarraren golak bigarren garaipena eman die babazorroei, Liga hasiera bikainari jarraipena emanez.
Alavesek 9 puntutik 7 lortu ditu, Lucas Boyek lehen zatian sartutako golari esker Vila-real 1-0 menderatuta, EA Sports Ligako 3. jardunaldiko partidan.
Lehia oso bizi hasi da, bi taldeek gola egiteko aukerak izan dituzte partidaren lehen minutuetan, eta arriskua izan da zelaiaren bi aldeetan.
Abisu argiena Lucas Boyerena izan da, 13. minutuan, eta Luiz Junior ozta-ozta iritsi da baloia kanporatzera.
Sasoi puntu hobeak lehia gehiago irabazteko eta Antonio Siveraren atea estu inguratzeko aukera eman dio Vila-reali, eta Buchananen jaurtiketa bat izan da aukera argiena.
Hala ere, Alaves izan da jotzen lehena, kontraeraso bikain batean: Antonio Blancok jokoa aldatu du, Angel Perezi eman dio, honek baloia kontrolatu du eta Lucas Boyek bultzatu du sare barrura (1-0).
Horiak oso indartsu zelairatu dira atsedenaldiaren ostean, eta Alaves estu hartu dute. Bigarren zatiko lehen minutuetan, gainera, Toni Martinezek zelaia utzi du, min hartuta.
Quique Sanchez Floresen taldeak mehatxuari aurre egin, eta abiadura baliatu du Angel Perezekin eta Mariano Diazekin kontraerasora atera eta partida erabakita uzten saiatzeko. Horietako batean, Pablo Ibañezen jaurtiketak zutoina jo du.
Pape Gueyek bere taldearen erasoko ekimena gidatu du, eta Vila-real Siveraren atea mehatxatzen hasi da. Sivera, baina, horma bat izan da, eta zutoinak alde izan ditu.