Alaves
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Facundo Garcesek ezin izango du neurketa ofizialik jokatu zortzi hilabetean

Kirola Arbitratzeko Auzitegiak (KAA) partzialki onartu du zazpi futbolariren helegitea, tartean Garces bera, eta norgehiagoka ofizialetara mugatu du FIFAk jarritako zigorra, agiriak faltsutzeagatik Malaysiako pasaportea lortzeko. Ondorioz, jokalari argentinarrak Alavesekin entrenatu eta lagunartekoak jokatu ahal izango ditu.

Facundo-Garces-Sevilla-Alaves-liga

Facundo Garces Alaveseko atzelaria, Sevillaren aurkako partidan, Sanchez Pizjuanen. Argazkia: Europa Press

Facundo Garces Alaveseko atzelari argentinarrak zortzi hilabetean partida ofizialak jokatzea galaraziko dion zigorra bete beharko du, baina talde gasteiztarrarekin entrenatu eta lagunartekoak jokatu ahal izango ditu, Kirola Arbitratzeko Auzitegiak (KAA) erabaki bezala.

Auzitegi horrek partzialki onartu du zazpi futbolariren helegitea, tartean Garces bera, eta neurketa ofizialetara mugatu du FIFAk Malaysiako pasaportea lortzeko agiriak faltsutzeagatik ezarri zien 12 hilabeteko zigorra.

KAAk zehaztu duenez, norgehiagokak jokatzeko debekua gaur hasi da, baina dagoeneko 2025eko irailaren 25etik urtarrilaren 26ra betetako zigorraldia barne hartzen du.

Horrela, KAAk urtebetez futbolarekin lotutako edozein jarduera egitea eragozten zien zigorra mugatu du, baina Malaysiako Federazioaren (FAM) eskaera baztertu du, eta erakunde horri ezarritako isunari eutsi dio (350.000 libera suitzar). Federazio horren zuzendaritzak dimisioa eman zuen urtarrilaren 28an eskandalua zela eta.

KAAk gogorarazi du 2025ean Malaysiako Federazioak Facundo Garces, Rodrigo Holgado eta Imanol Machuca jokalari argentinarrei, Joao Figueiredo brasildarrari, Gabriel Palmero kanariarrari, Jon Irazabal bizkaitarrari eta Hector Hevel Serrano holandarrari proposatu ziela herritartasuna lortzea eta euren selekzioaren parte izatea 2027ko Asiako Kopa jokatzeko.

FIFAren Diziplina Batzordeak iazko irailean ondorioztatu zuen Malaysiako Federazioak eta futbolariek dokumentazio faltsua erabili zutela nazionalizazio-prozesuan, eta zigorrak ezarri zizkien. Apelazio-organoak azaroan berretsi zituen zigorrak, federazioari eta jokalariei 350.000 eta 2.000 liberako isunak, hurrenez hurren. Era berean, futbolean aritzeko hamabi hilabeteko debekua ezarri zien.

Facundo Garces Alaveseko atzelariak zigorra behin-behinean bertan behera uztea lortu zuen KAAn, urtarrilaren 26an, eta Alavesen dinamikara itzuli ahal izan zen.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X