Celtaren zalantzei etekina atera nahi die Alavesek
Sailkapeneko gorengo postuetan kokatuta dagoen Alavesek Celtaren zalantzak baliatu nahi ditu gaur, haietatik etekina ateratzeko asmoz. Balaidos futbol-zelaian 21:00etatik aurrera jokatuko den partidak Ligako bederatzigarren jardunaldiari emango dio hasiera.
Abelardo Fernandezek entrenatzen duen talde gasteiztarraren bolada onarekin alderatuta (porrot bakarra jaso du azken bost norgehiagoketan), bestelako ibilbidea ari da izaten Celta, ez baitu lehiarik irabazi epe berean. Horregatik zein Vigoko taldeak erakutsitako joko kaskarragatik, zaleak haserre agertu ziren Getaferen aurkako etxeko azken partidan.
Ligak geldialdia izan duen arren, babazorroek oraindik ere gogoan dute azken jardunaldian Real Madrilen aurka lortutako garaipena, zeinaren bidez sailkapeneko seigarren tokian kokatzea lortu duten (14 puntu), Sevilla liderrarengandik bi puntura.
Haatik, arabarrek ez dute golik egitea lortu Vigon jokatu duten azken hiru alditan; izan ere, Alavesek ez du Balaidosen irabazi Lehen Mailan: hiru berdinketa eta zazpi porrot pilatu ditu.
Abelardoren hamaikakoan ez dira izango lesionatuta dauden Rodrigo Ely eta Adrian Marin, ezta euren selekzioekin jokatzen ibili diren Guillermo Maripan eta John Guidetti ere, entrenatzaile asturiarrak ez baititu deialdian sartu.
Horrez gain, Abelardok min hartuta dabilen Fernando Pacheco atezain titularraren zalantza izango du azken ordura arte. Ondorioz, Antonio Siverak debutatzeko aukera izan dezake aurtengo denboraldian.
Litekeena da babazorroen prestatzaileak 4-4-2ko sistemaren aldeko hautua egitea, Real Madrilen aurka erabili zuen 4-5-1ekoaren ordez. Horrenbestez, Darko Brasanacek eta Tomas Pinak zelai erdian joka dezakete, eta sasoi betean dauden Jony Rodriguezek eta Ibai Gomezek, hegaletan.
Erasoari begira, Ruben Sobrinok Jonathan Calleri argentinarrarekin bat egingo du aurrealdean, nahiz eta Borja Baston ere jokatzeko moduan dagoen.
Galiziarren aldetik, Mohamed entrenatzaileak bi hutsune garrantzitsu izango ditu. Batetik, zigortuta dagoen Nestor Araujo atzelari mexikarrarena; bestetik, Maxi Gomez aurrelari uruguaitarrarena, zeinak min hartu duen bere selekzioarekin. Horiek horrela, Celtaren entrenatzaileak baztertu egin dezake orain arte erabili izan duen bost defentsako lerroa.
Itxura guztien arabera, 4-3-3ko sistemari helduko dio, Okay Yokuslu turkiarra eta Sofiane Boufal frantziar-marokoarra hamaikakoan sartuta. Lehenengoak zelai erdia indartuko du, Beltran eta Lobotkarekin batera. Bigarrena, berriz, erasoan arituko da, Iago Aspas eta Pione Sistori laguntza emateko.
Balizko hamaikakoak:
Celta: Sergio Alvarez; Hugo Mallo, Cabral, Roncaglia, Junca; Okay, Lobotka, Beltrán; Aspas, Boufal eta Pione Sisto edo Eckert.
Alaves: Sivera edo Pacheco; Martin, Ximo Navarro, Laguardia, Duarte; Ibai Gomez, Brasanac, Tomás Pina, Jony; Sobrino eta Calleri.
Epailea: Carlos Del Cerro Grande.
Futbol-zelaia: Balaidos.
Ordua: 21:00.
Zure interesekoa izan daiteke
Alavesek penaltietan irabazi du denboraldiaurreko azken partida
Alavesek amaitu du denboraldiaurrea. Quique Sanchez Floresen taldeak Racingen aurka jokatu du Sardineron, Nando Yosu saria jokoan zuela, eta penaltietan lortu du garaipena (7-8), bana berdinduta amaitu ostean. Mantilla (bere atean sartu du gola Youssefen jaurtiketa bat desbideratuta) eta Villalibre izan dira partidako golegileak.
Alavesek Nicolas Valentini fitxatu du 2029ra arte
Argentinako erdiko atzelaria Fiorentinatik iritsi da, bi klubek transferitzeko akordioa lortu ostean. 2029ko ekainaren 30era arte sinatu du Gasteizko taldearekin.
Miguel Rodriguez: “Entrenatzaileak eskatutako postuan, eroso izango naiz: bigarren aurrelari, eskuineko hegalean…”
Alavesen fitxaketa berria Herbehereetako Utrecht taldetik iritsi da Gasteizera, eta astelehenean aurkeztu dute. Miguel Rodriguezek ilusio handia du euskal taldean aritzeko aukeragatik.
Alavesek garaipena lortu du Castelloren aurka udako hirugarren lagunartekoan (0-3)
Alaves bolada onean dabil. Gasteizko taldeak udako hirugarren lagunartekoa jokatu du Castelloren aurka, eta 0-3ko emaitzarekin nagusitu da. Lucas Boyek egin ditu lehen bi golak, lehena penaltiz, eta Mariano Diazek sartu du hirugarrena.
Sarah Brasero ingelesak Alavesen erasoa sendotuko du
23 urtez azpiko Ingalaterrako selekzioarekin jokatutakoa, West Ham taldetik iritsi da Gasteizera. Ipswich Town taldean hezia, Braserok Espainiako eta Portugaleko nazionalitatea ere badu.
Alavesen jokalariak “etsita eta haserre" daude klubaren kudeaketarekin, igoera-saria dela eta
Jokalariek Futpro elkartearen bidez azaldu dute euren jarrera. Gainera, argitu dute oharrarekin ez dutela "liskarrik sortzea" bilatzen, "egoera nola bideratu den ikusita" euren etsipena agertu baizik.
Miguel Rodriguezek Alavesen jokatuko du 2031ra arte
23 urteko gazte galiziarra Holandako Utrecht taldetik dator Gasteizera.
Alavesek Girona garaitu du udako bigarren lagunartekoan (0-1)
Alavesek 0-1 garaitu du Girona La Vall d’en Basen jokatu duen denboraldiaurreko bigarren lagunartekoan. Norgehiagokako gol bakarra Alvaro Garciak sartu du azken txanpan, korner bat buruz errematatuta.
Koskik burmuineko kommozio ez larria du kolpe baten ondorioz, eta atseden hartu beharko du
Alavesek jakinarazi duenez, jokalariari egin dizkioten proba medikoek lesio larriagoak baztertu dituzte.
Alavesek Hanane Ait El Haj fitxatu du defentsako lerroa indartzeko
Atzealdeko ezker hegalean jokatzen du, baina jokalari erasokorra da. Marokoko selekzioko kapitaina da, eta Emakumezkoen Nazioen Afrikako Kopa jokatzen ari da.