Alavesek estropezu egin du Racingen aurka (2-1)
Alavesek 2-1 galdu du Racingen aurka Sardineron, Koskiren golari esker markagailuan aurrea hartu duen arren. Zabirik buelta eman dio markagailuari, 2 gol eginda. Aitor Mañasek kolpe gogorra hartu du buruan, eta esku-ohean atera dute zelaitik.
Racing Santander vs Alaves. Argazkia: EFE
Alavesek porrota jaso du Racingen aurka (2-1) Sardineron jokatutako partidan. Arabako taldeak aurrea hartu du markagailuan, Koskiren golari esker, baina Racingek markagailua berdindu du atsedenaldira iritsi aurretik, Yassir Zabiriren gol batekin. Aldagelatik bueltan, Zabirik 2. gola sartu, markagailua irauli eta bere taldeari 3 puntuak emateko.
Racingek presio handia egin du neurketako lehen minutuetan. Etxeko taldeak sortu ditu lehen abaguneak, batez ere Iñigo Vicenteren bitartez, eta babazorroek minutu batzuk behar izan dituzte berdegunean finkatzeko. Hala ere, Alavesek tarteak aurkitu ditu ezker hegaletik, Rebbach protagonista zela, eta norgehiagoka orekatzen hasi da.
Tenagliak eta Pablo Ibañezek txartel horia ikusi dute, eta horrek baldintzatu egin du Quique Sanchez Floresen taldearen jokoa. 11. minutuan, Alavesek aukera argia izan du Koskiren burukada baten ostean, baina Angel Perezen erremateak ez du balio izan jokoz kanpo zegoelako. Racingek geldikako jokaldietan izan du arrisku handiena, baina Siverak erantzun ona eman dio Pablo Garciaren erremateari.
Alaves hobeto ari zenean, Marianok aukera ona izan du bigarren zutoinera erdiratu ostean, baina errematea kanpora joan zaio. Handik gutxira, 18. minutuan, Koskik area barruan solte geratu den baloi bat baliatu du sare barrura bidalita 0-1ekoa jartzeko.
Racingek erreakzionatu egin du eta arriskua sortzen hasi da, batez ere Iñigo Vicentek defentsaren bizkarrean emandako paseen bidez. 38. minutuan, Vicentek Yassir Zabiri aurkitu du, eta honek berdinketa jarri du markagailuan ezkerrarekin egindako jaurtiketa batekin (1-1).
Aldageletatik igaro ostean, Quique Sanchez Floresek bi aldaketa egin ditu. Ibañezek eta Tenagliak (txartel horia ikusi dute biek) lekua utzi dute berdegunean, eta Protesoni eta Valentini zelairatu dira.
Racing, bere aldetik, intentsitate handiagoarekin zelairatu da, eta bigarren gola egin du 53. minutuan. Vicentek Salinasentzat baloi bat filtratu du, areara erdiratu, eta Zabirik bigarren gola egin du (2-1).
Arabako taldea erreakzionatzen saiatu da, baina ez da gola egiteko gauza izan.
86. minutuan, epaileak Andre Almeida kanporatu du, aurkari bati sarrera gogorra egin baitio, eta Alavesek jokalari bat gehiagorekin ekin die azken minutuei. Hala ere, ezin izan du berdinketa eskuratu.
Aitor Mañas jokalaria, bestalde, 86. minutuan sartu da berdegunera, Angel Perezen ordez, eta kolpe handia hartu du buruan, Jorge Salinasekin talka egin ondoren. Esku-ohean atera behar izan dute zelaitik.