Realak markagailua irauli du Osasunaren aurka, derbian, eta penaltietan sailkatu da Kopako final-laurdenetarako
Nafarroako taldea 0-2 aurreratu da, Moncayolak eta Oyarzabalek bere atean sartutako golen bidez, baina Turrientesek eta Zubeldiak berdindu egin dute, azken minutuetan; luzapenean, Aitor Fernandezek penalti bat gelditu du, eta penalti jaurtiketetan Unai Marrerok bi gelditu ditu.
Reala 2025-2026 denboraldiko Errege Kopako final-laurdenetarako sailkatu da, astearte gauean, Anoetan, eta Osasuna, ordea, txapelketatik at gelditu da, bi taldeek jokatutako kanporaketan. Gipuzkoako taldeak penalti-jaurtiketetan lortu du sailkatzea. Partida 2-2 amaitu da: Jon Moncayolak, laugarren minutuan, aurretik jarri du Osasuna; Mikel Oyarzabalek, 17.ean, bere atean, 0-2koa egin du; Beñat Turrientesek, 75. minutuan, 1-2koa sartu du; eta Igor Zubeldiak, 93.ean, binakoa egin du. Luzapenean, Aitor Fernandezek Oyarzabalen penalti bat gelditu du, eta penalti-jaurtiketetan Reala 4-3 gailendu da.
Testuinguru horretan, Realak ondo ekin dio partidari, eta Mikel Oyarzabalek gertu izan du gola, hasi eta berehala; Osasunak, baina, segituan erantzun du, ezin hobeto gainera: laugarren minutuan, Jon Moncayolak bikain jaurti du, areaz kanpotik, oso zaila izan den erremate batean. Gol ederra sartu du, eta Alessio Lisciren taldea aurretik jarri.
Golak konfiantza eman dio Osasunari, eta Nafarroako taldeak, gainera, abantaila handitu du. Korner batean, Mikel Oyarzabal, lehen zutoinean, aldentzen ahalegindu da, baina baloia Unai Marreroren aterantz joan da, eta Realeko atezainak ezin izan du gorritxoen gola saihestu. Osasunak, derbiko aurreneko minutuetan, alde oso esanguratsua eskuratu du, horrenbestez.
Reala ez zebilen eroso, eta ez zuen topatzen biderik Aitorren atera iristeko; Osasuna, aldiz, sendo zebilen, eta ondo eusten ari zitzaien txuri-urdinen erasoei. Lehenengo zatiko luzapenean izan ditu Matarazzoren taldeak gol aukerarik argienak; Caleta-Car eta Oyarzabal oso gutxigatik ez dira iritsi Susicek oso ondo orraztu duen baloira, eta, ia-ia jarraian, Carlos Solerri zutoinaren ondoan joan zaio kanpora jaurtiketa bat, atsedenaldira joan aurretik.
Marrerok geldiketa ederra egin dio Raul Garcia de Harori, bigarren zatia hasi eta segituan, eta Solerrek, beste arean, ezin izan du errematatu, atetik gertu zegoela. Realak azkar nahi zuen heldu Osasunaren atera, bizi-bizi, bigarren zati horretako lehen minutuetan. Tentsio handia zegoen Anoetan; izan ere, Alessio Lisciren taldeak abantaila ona zuen, baina Pellegrino Matarazzoren gizonak gogor ari ziren presionatzen.
73. minutuan, Jon Mikel Aramburuk kanpora bota du, buruz. Bi minuturen buruan, Beñat Turrientesek, jaurtiketa oso on baten bidez, areaz kanpotik, gola sartu du Realarentzat. Anoetak eztanda egin du, beasaindarraren golaren ondorioz; minutu asko gelditzen ziren kanporaketan oraindik.
Caleta-Carrek baloia sareetara bidaltzea lortu du, baina jokoz kanpo zegoen. Reala etengabe ibili da erasoan, eta Osasuna ondo aritu da atzealdean. Zakharyani geldiketa ikusgarria egin dio Aitorrek, oso argia izan den aukeran, baina Gipuzkoako taldeak orduan ere ez du amore eman; hala, luzapenean, Igor Zubeldiak berdinketako gola sartu du.
Oskarssonek, berdegunean zazpi minutuz izan eta gero, zelaia utzi du, eta Jon Martinek ordezkatu du, luzapenerako. Realak eta Osasunak, ziurrenik oso nekatuta, ez dute horren bizi jokatu luzapen horretan, hasieran behintzat. 102. minutuan, Ante Budimirrek, buruz, langara errematatu du; hurrengo jokaldian, Javi Galanek, area barruan, eskuz ukitu du baloia, eta epaileak penaltia adierazi du. Aitor Fernandezek, baina, geldiketa bikaina eginda, baloia aldendu du.
Tentsio eta emozio handia zegoen derbian. Azken minutuetan, Aitor Fernandez izan da heroia, Osasunarentzat; arrasatearrak bi geldiketa ikaragarri egin ditu.
Hala, penaltiek zehaztu dute nork egingo zuen aurrera. Oyarzabalek, Guedesek, Solerrek eta Sergio Gomezek gola sartu dute, Unai Marrerok Moncayolaren eta Catenaren jaurtiketak gelditu ditu, eta Reala Kopako final-laurdenetan da.
Fitxa teknikoa
2 - Reala: Marrero; Aramburu (Odriozola, 73. min), Zubeldia, Caleta-Car (Oskarsson, 89. min) (Jon Martin, 91. min), Sergio Gomez; Barrenetxea (Zakharyan, 53. min), Gorrotxategi (Turrientes, 53. min), Soler, Kubo; Sucic (Guedes, 73. min) eta Oyarzabal.
2 - Osasuna: Aitor Fernandez; Cruz (Catena, 82. min), Herrando, Boyomo, Arguibide (Rosier, 62. min); Barja (Javi Galan, 62. min), Moncayola, Muñoz (Torro, 82. min), Bretones; Moi Gomez (Ruben Garcia, 71. min), Raul Garcia (Budimir, 98. min).
Epailea: Cesar Soto Grado (Errioxa). Take Kubo, Moncayola, Herrando, Raul Garcia, Budimir eta Bretones zigortu ditu, txartel horia aterata.
Golak: 0-1, 4. min, Moncayola. 0-2, 17. Min, Oyarzabal (b. a.). 1-2, 75. min, Turrientes. 2-2, 90+2. min, Zubeldia.
Nabarmentzekoa: 30.147 zale, Anoetan.
Zure interesekoa izan daiteke
Real Madril-Manchester City, Newcastle-Barça eta Atletico-Tottenham, Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan
Final-zortzirenetako joaneko neurketak martxoaren 10ean eta 11n jokatuko dira; itzulikoak, berriz, martxoaren 17an eta 18an.
Atalanta, Galatasaray, Real Madril eta PSG ere final-zortzirenetan izango dira
Joaneko partidan jasotako 2-0ekoa irauli du Atalantak Borussia Dortmunden aurka (4-1). Madrilek Benfica kanporatu du, joanekoan 0-1 eta itzulerakoan 2-1 irabazita. PSGk bina berdindu du Monakoren aurrean, eta Galatasaray luzapenean sartutako bi golei esker sailkatu da, nahiz eta Turinen galdu eta ikaragarri sufritu (3-2).
Reala-Athletic Errege Kopako finalerdietako itzuliko partida, martxoaren 4an, EITBn
20:30etik aurrera, asteazkenean, martxoaren 4an, ETB1ek eta kirolakeitb.eus-ek Realak eta Athleticek Anoetan jokatuko duten neurketa erabakigarriaren gaineko guztia kontatuko dizute. Reala eta Athletic, nor baino nor gehiago, eta final handirako txartela jokoan.
Bodø/Glimtek historia egin du, Inter Milan Txapeldunen Ligatik kanporatuta
Norvegiako taldeak 0-2 irabazi zion Inter Milani final-zortzirenetako play-offetako itzuliko partidan. Bayer Leverkusenek, Newcastlek eta Atletico Madrilek ere final-zortzirenetara aurrera egitea lortu dute.
Atletico, Leverkusen, Bodø/Glimt eta Newcastle, Txapeldunen Ligako final-zortzirenetara
Emaitza altuko markagailuek, Milaneko ezustekoak eta nagusitasunez ebatzitako kanporaketek erabaki dituzte final-zortzirenetarako sailkapenak.
Newcastlek ia erabakita utzi du kanporaketa eta Bodok eta Leverkusenek bereak bideratu dituzte
Ingalaterrako taldeak Qarabag gainditu du etxetik kanpo (1-6), norvegiarrek 3-1 irabazi diote Interri eta talde alemaniarrak 0-2 gainditu du Olinpiakos Grezian. Aitzitik, Brujasek eta Atletico Madrilek 3-3 berdindu dute Belgikan.
Errege Kopako finala apirilaren 18an jokatuko dute, larunbatez, 21:00etan, Cartujan
Espainiako Federazioak iragarri du txapelketako final handia apirilaren 18an jokatuko dutela, eta 21:00etan hasiko dela. Reala edo Athletic final horretan izango dira, eta sailkatzea lortzen duen euskal taldeak Bartzelona edo Atletico Madril izango du aurkari.
Real Madrilek, Borussiak, PSGk eta Galatasarayk play offeko lehen neurketan garaipena lortu dute
Zuriek 0-1 irabazi diote Benficari Portugalen, talde alemaniarrak 2-0 gainditu du Atalanta etxean, Pariseko taldeak Monako menderatu du etxetik kanpo (2-3) eta turkiarrek Juventusen aurkako kanporaketa bideratu dute (5-2).
Atletico Madrilek Bartzelona jipoitu du Kopako finalerdietako joanekoan (4-0), eta oso gertu du finalera sailkatzea
Epaileak baliorik gabe utzi zuen Kataluniako taldeak bigarren zatian egindako gol bat, eta, partida amaitzeko minutu gutxiren faltan, txartel gorria atera zion Eric Garciari, Bartzelonako jokalariak Baenari sarrera gogorra egin ostean.
Athletic eta Realaren arteko Errege Kopako finalerdietako partidaren laburpena
Athleticek eta Realak Errege Kopako finalerdietako joaneko partida jokatu dute San Mamesen (0-1). Hemen laburpena.