Premier Liga: “Cityk arauak sistematikoki urratu zituen ia hamarkada batean zehar"
"Kasu hau eta bere erabakia Premier Ligako historian garrantzitsuena da", adierazi du Richard Masters Ingalaterrako Ligako presidenteak. Manchester Cityk, ostera, berretsi du "errugabea" dela eta "irmo" jokatuko duela akusazioetatik defendatzeko.
Manchester City taldearen Etihad Stadiuma. Argazkia: EFE
Richard Masters Premier Ligako presidente exekutiboaren ahotan, Manchester Cityk txapelketako arauak "sistematikoki urratu zituen ia hamarkada batean zehar", bederatzi denboralditan. Gainera, Cityren aurkako auzia "ligaren historian garrantzitsuena" dela erantsi du Mastersek.
Honenbestez, Premier Ligak astearte honetan baieztatu duenez, Manchester Cityk 2023ko otsailean leporatu zizkion finantza akusazio gehienen erruduna da. Talde ingelesari duela hiru urte baino gehiago 2008-2009 eta 2017-2018 denboraldien artean 115 irregulartasun leporatu zizkioten.
"Kasu hau eta bere erabakia Premier Ligako historian garrantzitsuena da. Gauza batzuk oraindik erabaki behar dira, hala nola zigorra, baina orain, erabaki hau daukagunean, prozesuaren gainerako fasetan azkar aurrera egiteko konpromisoa dugu, ligari, gure klubei eta zaleei ziurtasuna emateko", gaineratu du Mastersek.
Orain, kontua da batzorde independenteak erabakiko duela zein den zigor egokia, isun ekonomikotik hasi, puntu galeraraino, maila jaitsieraraino edo ligatik kanporatzeraino.
Manchester Cityk, aldiz, bere "etsipena" eta "harridura" azaldu ditu Premier Ligako batzorde independenteak errudun jo ostean, eta berretsi du "errugabea" dela eta "irmo" jokatuko duela akusazioetatik defendatzeko.
Erresuma Batuko Gobernua
Oso kontu serioa da
Erresuma Batuko Gobernuak ere eman du gaiaren inguruko iritzia, Lisa Nandy Kirol ministroaren bitartez. “Oso gai serioa da”, esan du Nandyk. Politikariak BBC telebistan hitz egin dute astearte honetan, Premier Ligak City erruduntzat jotzeko erabakia berretsi eta ordu batzuetara.
"Premier Ligaren oharra oso gordina da", gaineratu du Nandyk. "Manchester Cityk helegitea aurkezteko eskubidea du. Kontu hau oso kezkagarria da Cityren jarraitzaileentzat eta futbolzale guztientzat", erantsi du.