PROPOSAMENA ERRETIRATU DU
Infantinok bertan behera utzi du FIFA inbertitzaile pribatuei irekitzeko proiektua
Aleksander Ceferin UEFAko presidentea eta Gianni Infantino FIFAko agintari nagusia. Artxiboko argazkia: Europa Press
Gianni Infantino FIFAko presidenteak bertan behera utzi du FIFA Forward Enterprise (FFE) proiektua, hainbat konfederazio eta federazio (UEFA barne) aurka agertu ondoren.
Ekimen horren bidez, inbertitzaile pribatuei ateak ireki nahi zizkien, eta Munduko Txapelketaren eta Kluben Munduko Txapelketaren partaidetzak saldu nahi zituen.
CONMEBOLek, CONCACAFek eta AFCek proiektu horri uko egin diote hasiera-hasieratik, eta UEFAk eta UEFAko 55 federazio kideek ohartarazi dute ez dutela FIFAk antolatutako lehiaketetan parte hartuko proposamenak aurrera eginez gero.
Infantinoren arabera, ekimenak "zatiketa sortu du", eta onartu du ez duela "batzeko eta hobetzeko helburua" betetzen. Erabakiaren berri eman aurretik, Carlos Cordeiro bere aholkulari nagusiak dimisioa eman du; izan ere, horren ustez, proiektua "negozio txarra litzateke futbolarentzat".
FIFAko presidenteak esan du futbolaren eragileekin hitz egiten jarraituko duela, kirolaren hazkundea bultzatzeko, bereziki laguntza gehien behar duten herrialdeetan.