Real Unionek bertan behera utzi du Realarekin zuen hitzarmena, eta Aston Villarekin sinatu du
Real Unionek bertan behera utzi du Realarekin zuen hitzarmena, eta Unai Emeryk entrenatzen duen Aston Villa Ingalaterrako klubarekin sinatu du hitzarmen berria; Unai Emery Irungo klubeko jabeetakoa da. Gipuzkoar erakundea, hala, V Sports sarean sartu da, eta Japoniako Vissel Kobe, Egiptoko ZED FC eta Portugalgo Vitoria Sport Clube taldeekin batera izango da horretan.
Klub txuri-beltzak ohar bidez nabarmendu duenez, "lankidetza hitzarmen horri esker, kluba nazioartean kokatu ahal izango da, eta gure gazteen garapena hobetuko da, ideien, tekniken eta jardunbide egokien truke kooperatiboarekin batera".
Bi kluben arteko "akordio historiko" horrek metodologia teknikoa eta entrenamendukoa ere garatuko ditu, eta, aldi berean, errendimendu, begiratze eta atzemate arloetan, datuen analisian eta plantillen kudeaketan lagunduko du, zehaztu du Real Unionek.
Aurreko astean, Real Unionek baieztatu zuen Realarekin zuen hitzarmena deuseztatuta zutela; hori bai, Igor Emery presidenteak, Unairen anaia bera, ziurtatu zuen Gipuzkoako bi klub horien arteko harremanak "ona izaten jarraitzen" zuela, eta azpimarratu zuen etorkizunean ere horrelakoak izango direla. Real Unionek eta Realak 2013-14 denboraldian sinatu zuten akordioa.