FIFAk Luis Rubiales hiru urtez zigortzea erabaki du
FIFAk astelehen honetan jakinarazi duenez, Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohia hiru urtez zigortuko du, futbolarekin zerikusia duen jarduera orotik kanpo utzita, Espainian eta beste edonon. Futbol arloko munduko erakunde gorenaren Diziplina Batzordearen arabera, FIFAren kodearen 13. artikulua urratu du Rubialesek.
Erabakia gaur, astelehena, jakinarazi diote Rubialesi. Orain, FIFAren Diziplina Kodeari jarraiki, hamar eguneko epea du arrazoitutako erabakia eskatzeko. "Apelazio Batzordean helegitea jartzeko aukera du", jakinarazi du erakundeak.
"Pertsona guztien osotasuna babesteko eta errespetatzeko erabateko konpromisoa" berretsi du FIFAk, "jarrera zibikoaren oinarrizko arauak errespeta daitezen" zaintzeaz gain.
Rubialesek "apelazioa" aurkeztuko du
FIFAk Diziplina Batzordearen erabakiaren berri eman ondoren, Luis Rubialesek, X sare sozialean duen kontuaren bidez, zehaztu du "azken instantziaraino" iritsiko dela, "justizia egin eta egia azaltzeko", eta, horrez gain, Munduko Txapelketako finalaren ostean ireki zioten jardunbidearen gaineko iritzia eman du.