Athleticek Osasuna menderatu du Taxoaren (1-2) eta Erreginaren Kopako Lauko Finalerako sailkatu da
Athleticek 1-2 menderatu du Osasuna Taxoaren ostegunean Erreginaren Kopako final laurdenetako kanporaketan, eta, hala, Kopako txapelduna zein talde izango den zehaztuko duen Lauko Finalerako sailkatu da. Ane Azkonak, 11. minutuan, eta Pekek, 63.ean, talde zuri-gorriaren golak egin dituzte, eta Carmen Sobronek sartu du gorritxoena, 66. minutuan. Kopako derbian erritmo bizia eta giro bikaina izan dira; Osasunak lau aldiz errematatu du zutoinera edo langara lehen zatian.
Futbolariek garaipena lortzeko zer eman zezaketen ondo baino hobeto dakitenez, Kakun Mainz eta Iraia Iturregi entrenatzaileen asmoa zuzentzen dituzten taldeen baliabideak ahalik eta ondoen erabiltzea izan da. Hala, Osasunak, zaleek lagunduta (Taxoare jendez lepo izan da), oso indartsu izan da arlo fisikoan, eta, horrez gain, sakontasuna eta abiadura eman dio jokoari, Athleticeko areara hurbildu nahian; bizkaitarrak, aldiz, ahalegindu dira neurketari lasaitasun puntu bat jartzen, eta azkar irteten saiatu dira, aukera izan dutenean. Horrela sartu dituzte bi golak, bi kontraerasotan; gainera, Osasunak 1-2koa sartu duenean, Bilboko taldeak presioa handitu du, eta gai izan da neurketaren amaierara arte markagailua alde zuela iristeko.
Osasunak kontrolatu du jokoa lehen zatian, eta Athleticek baino arrisku handiagoa sortu du, baina Iraia Iturregiren taldeak izan du markagailua alde atsedenaldian. Mariasun Quiñones, baina, Maitane baino estuago ibili da; Bilboko taldearen atezainak ikusi du nola lau errematek jo duten bere ateko zutoinen edo langaren kontra.
Lehenengoa hamargarren minutuan izan da, Maite Valerok ezkerkada bikain baten ondorioz; baloia langara joan da. Hurrengo jokaldian, baina, Athleticeko zelai erdiak pase sakon bikaina eman dio Ane Azkonari, eta aurrelari iruindarrak sareetara bidali du, Bilboko taldea aurretik jarrita.
Osasunak ez du amore eman: Maitane Vilariñok, 16.eta 35. minutuetan, bi kornerretan, langara eta zutoinera bota du; ia jarraian, Valerok angelura errematatu du burukada bikain bat eginez, baina berriro ere langara joan da baloia. Vilariñoren bigarren aukeraren jokaldian, aldaratzean, Athleticeko atzelari batek ia atepetik atera du barrura zihoan beste erremate bat.
Athletic atzealdean sendo ibiltzen eta erasoan abiadura topatzen saiatu da, golaren jokaldian egin ahal izan duenez, baina zailtasun handiak izan ditu, Osasunak presio handia egin duelako eta baloia ondo mugitu baitu zelai erdian.
Bigarren zatiko lehen minutuetan, jokoa parekatua izan da. Osasunak jarraitzen zuen baloia ondo mugitzen, baina ematen zuen Athletic, nolabait, erosoago zebilela. Lehen ordu laurdena igarota, Azkonak, trebetasunez, pase sakona bota dio Pekeri, eta Arrigorriagako aurrelariak, ezkerrez, 0-2koa jarri du. Minutu asko geratzen ziren, oraindik, eta Osasunak segituan bereganatu du merezi zuen saria, alegia, gola; Carmen Sobronek sartu du, jaurtiketa gogor bat eginez, Iarak eskuin hegaletik egindako erdiraketa polita baliatuz. Quiñones ziur ibili da kanporaketako zenbait jokalditan, baina horretan, hain zuzen, ez da fin aritu; erdiraketa eta gola egin dituzten jokalariek minutu gutxi zeramatzaten berdegunean.
Osasunaren golak, ordea, Athletic sendotu du, hein batean. Ondorengo hamar minutuetan, Iraia Iturregiren taldeak jokoaren kontrola izan du, alegia, partidako puntu horretara arte gertatu ez dena. Arriskua sortu du, gainera, jokaldi pare batean; Osasunak, baina, gertu izan du berdinketa, falta batean, ate gainetik irten den burukada baten bidez.
Azken minutuetan, emozio handia izan da. Etxeko taldeak dena jarri du luzapena behartu zezakeen gola erdiesteko, eta Athleticek, bere aldetik, indar handiz aldeztu du abantaila. Azkenean, Bilboko taldeak egin du aurrera, eta Kopako Lauko Finalean izango da.
Fitxa teknikoa:
1 - Osasuna: Maitane; Aitana, Vera, Josune, Saioa; Celia, Patri Zugasti (Arantxa, 82.minutuan), Mar Torras; Alexia (Iara, 61. minutuan), Vilariño (Carmen Sobron, 61. minutuan) y Valero.
2 - Athletic: Quiñones; Elexpuru, Valdezate, Unzue, Nevado; Corres (Oguiza, 46. minutuan), Pinedo, Azkona, Nerea Nevado, Itxaso, Arana (Nekane, 84. minutuan), Peke (Sara Ortega, 66. minutuan).
Golak: 0-1, 11. mnutuan: Azkona. 0-2, 63. minutuan: Peke; 1-2, 66. minutuan: Carmen Sobron.
Zure interesekoa izan daiteke
Real Madrilek, Bodo/Glimtek eta PSGk final-zortzirenetako kanporaketak bideratu dituzte
Madrildarrek eta norvegiarrek Manchester City eta Sporting Portugal 3-0 jipoitu dituzte, hurrenez hurren, eta egungo txapeldunak 5-2 irabazi dio Chelseari Parisen. Bayer Leverkusenek eta Arsenalek, aldiz, bana berdindu dute.
Iranek baztertu egin du Munduko Txapelketan parte hartzea, AEB eta Israelen eraso militarra dela eta
Iranek Belgika, Egipto eta Zeelanda Berriaren aurka jokatu behar zituen multzoen faseko hiru partidak Ameriketako Estatu Batuetan, horietako bi Los Angelesen eta beste bat Seattlen. Azaroan, Trumpek bermatu zuen jokalari eta teknikari irandarrek bisak izango zituztela AEBn sartzeko, baina ez haien zaleek.
Errege Kopako finalaren sarrerak izendunak izanen direla zehaztu du Realak
Horrela, sarreran agertzen diren datuek (izen-abizenak eta NANa) apirilaren 18an Cartuja estadiora sartzen den pertsonarenak izan beharko dute.
Matarazzo, Kopako finalaz: “Aukera paregabea da"
Realaren entrenatzaileak, asteazkenean, talde txuri-urdinaren informazioaz arduratzen diren kazetariekin gosaldu du; topaketan, Errege Kopako finala izan dute hizpide, batez ere.
Maroan Sannadi: "Oso pozik nago, bueltan egoteak sentsazio ona ematen dit"
Maroan Sannadi Athleticeko jokalaria bueltan da, belauneko lesioa osaturik du eta. Nola sentitzen den azaldu du prentsaurrekoan.
Bayernek eta Atleticok kanporaketa bideratu dute, eta Galatasarayk aurrea hartu du
Turkiako taldeak ezustean harrapatu du Liverpool (1-0) kanporaketaren hasieran, Alemaniako taldeak Atalanta jipoitu dute Bergamon (1-6), koltxoneroek 5-2 irabazi diote Tottenhami eta Bartzelonak azken hatsean berdinketa (1-1) lortu du Newcastlen.
Realak 25.680 sarrera izango ditu Errege Kopako finalean
Horietako % 85 Realaren bazkideek jasoko dituzte. Realaren “fanzone” izenekoa, Sevillan, Carlos III.a etorbidean izango da, Cartujako geralekuaren ondoan.
Unai Gomezek ez du lesio larririk, ezker belaunean kolpea besterik ez du
Bermeotarra joan den larunbatean ordezkatu behar izan zuten, Bartzelonaren aurkako partida hasi eta hamar minutura. Astelehen honetan egin dizkioten proba medikoek agerian utzi dute lesioa zenbaterainokoa den, nahiz eta hasiera batean larriagoa ematen zuen.
Zorigaiztoko amaiera Alavesentzat Valentzian (3-2)
Talde babazorroak bi aldiz hartu du aurrea markagailuan, baina penalti batek eta Pacheco eta Guevararen kaleratze bikoitzak amaierarik txarrena eragin dute.
Cadizek kargutik kendu du Gaizka Garitano
Klubaren dinamika txarraren eta azken sailkatuaren aurkako porrotaren ondoren, klubak Derioko entrenatzailea baztertzea erabaki du.