Deustu izan da azkarrena Bermeon, Eusko Label Ligako play-offetan
Bizkaiko trainerua 20 minutu eta 55 segundoko denborarekin nagusitu da. Aresek, bestalde, ez du egun ona izan, eta hirugarren bukatu du.
Deustuko arraunlariak, garaipena ospatzen. Argazkia: EITB
Deustuk eman du lehen kolpea Eusko Label Ligako play-offetan, larunbat honetan Bermeon lehiatutako lehen jardunaldian erakustaldia emanda. Bizkaiko trainerua 20 minutu eta 55 segundoko denborarekin nagusitu da. Aresek, bestalde, ez du egun ona izan, eta hirugarren bukatu du.
Tiran izan da uretaratzen lehena, eta ziabogan lehen erreferentzia markatu duena, baina Ares indartsuago aritu da, lehen mailan duen tokia defendatzeko, eta lehen luzean 9 segundo atera dizkio Galiziako beste ontziari. Hala ere, gertu izan ditu euskal ontziak, Zarautz eta Deustu segundo bakarrera heldu baitira lehen ziabogara.
Bigarren ziabogara bidean, gauzak aldatu egin dira. Cabok eta Tiranek eutsi egin diote, baina Ares denbora galtzen hasi da, eta Deustuk eta Zarautzek aurrea hartu dute lehen bi postuetan kokatzeko. Argi zegoen borroka hiru ontzi horien artean egongo zela.
Kostata izan bada ere, Ares berriro jarri da martxan, denboraldian zehar onenekin lehiatu dela erakusteko. Hala, Zarautz harrapatu du, segundo bakarrera jarriz, baina Deustuk ihes egin die biei, eta 6-7 segundoko abantaila mantendu du.
Azken luzean, Deustuk erakustaldia eman du, lortutako abantaila gehiago handitzeko. Helmugan Bizkaiko trainerua nagusitu da, 20 minutu eta 55 segundoko denbora eginda. Zarautz izan da bigarren, 8 segundora, eta Ares hirugarren, 11ra. Bestalde, Cabo eta Tiran oso urruti geratu dira, 26 eta 37 segundora sailkatu baitira, hurrenez hurren.
Deustuk jardunaldi bikaina burutu du, baina igandeko estropadan erabakiko da nor igoko den Eusko Label Ligara.
Oriok errekorra lortu du Bermeoko ikurrina bereganatuta
Bermeoko 44. ikurrina irabazteko lehian ez da sorpresarik izan, Oriok irabazi baitu oraingoan ere, bide batez errekorra lortuta: lehiatutako 20 jardunaldietatik 17 irabazi ditu.
Hala ere, oraingoan zailago izan du garaipena lortzeko, ohorezko txandan joan diren Zierbena, Getaria eta Bermeo gertu izan baititu. Are gehiago, azken luzean epaileek esku hartu behar izan dute, traineruak elkarrengandik gertuegi ibili baitira arraunean.
Orio 20 minutu eta 24 segundoko denborarekin helmugaratu da, bigarren Getaria izan da (3 segundora), hirugarren Zierbena (6ra) eta laugarren Bermeo. Hori dela eta, Getariak Bermeo aurreratu du sailkapen nagusian, eta hirugarren kokatu da.
Lehen txandan, Donostiarra, Hondarribia, Ondarroa eta Lekittarra aritu dira, baina ez dira ohorezko txandako traineruen denboretatik gertu ibili.