Iñaki Errastik ez du jarraituko Ondarroako entrenatzaile bezala
Errastik bederatzi denboraldi eman ditu "Antiguako Ama" traineruan, eta klubak, astelehenean albistea baieztatuta, nabarmendu du, kirol emaitzetatik harago, harrobiko mutilen kirol bilakaeran egin duen lana.
Iñaki Errastik bederatzi urte eman ditu Ondarroan. Argazkia: EITB.
Iñaki Errastik ez du jarraituko Ondarroako entrenatzaile bezala, astelehenean Bizkaiko klubak iragarri duenez. Errastik bederatzi denboraldi eman ditu Antiguako Aman, eta klubak, astelehenean albistea baieztatuta, nabarmendu du, haren aginpean erdietsitako kirol emaitzetatik harago, harrobiko mutilen kirol bilakaeran egin duen lana.
“Ohar honen bidez” dio Ondarroa Arraun Elkarteak Instagramen partekatu duen oharrak, “jakinarazi nahi dizuegu Iñaki Errasti Ubera ez dela izango hurrengo denboraldian mutil nagusien taldeko entrenatzaile. Iñakik, bederatzi urte hauetan, arraunlari eta entrenatzaile lanak uztartu ditu, eta emaitza bikainak lortu; aipatzekoak dira bederatzi denboraldi hauetan Eusko Label Ligari eustea lortzea, Kontxako sailkatze hunkigarriak, Zierbenan lortutako goreneko mailako aurreneko bandera, eta, nola ez, Ondarroan 2022an lortutako etxeko bandera”.
“Emaitzetatik harago”, adierazten du testuak, “Iñakik lan bikaina egin du harrobiko mutilen kirol bilakaeran”.
“Esker oneko hitzak besterik ez ditugu, eta, etapa berrian, zuri eta zure ingurukoei zorterik onena opa dizuegu. Beti izango zara Ondarroaren parte, eskerrik asko, Iñaki!”.
Zure interesekoa izan daiteke
Iosu Zenarrutzabeitia eta Xanet Gimeno, bi belaunaldi Ondarroako traineruaren popan
Gimenok 19 urte ditu eta lau daramatza Antiguako Amaren popan. Zenarrutzabeitiak, aldiz, 44 urte ditu, eta duela 20 urte baino gehiago utzi zuen arrauna, baina iaz herriko trainerura batu zen berriz ere. Ondarroa une gozoan dago, eta larunbatean etxean egingo du arraun.
Asier Irueta, ondoz ondoko 202 estropada Ondarroarekin
Asier Iruretak 202 estropada egin ditu jarraian Ondarroako traineruan. Ezin hobeto ekin diote denboraldiari, bigarren txandan ari dira arraunean eta sailkapenean zortzigarren dira aurretik San Juan bi puntura dutela. Orain, despistatu gabe “gerran jarraitzea” egokitzen zaiela azaldu du ondarroarrak.