Gorka Etxeberria, Ondarroaren entrenatzaile berria
Etxeberria Orio, Getaria eta Arkoten urte askoan ibili da entrenatzaile eta arraunlari lanetan, eta “emaitza paregabeak lortu eta lan bikaina egin” izan du, Ondarroa Arraun Elkarteak azpimarratu duenaren arabera.
Ondarroako Antiaguako Ama trainerua. Irudia: EITB
Gorka Etxeberria Oliden izango da Ondarroaren entrenatzailea hurrengo denboraldian, Eusko Label Ligan, arraun elkarte bizkaitarrak ohar baten bidez jakitera eman duenaren arabera.
Ondarroa Arraun Elkarteak azaldu du Etxeberriak ibilbide luzea duela arraun munduan. Orio, Getaria eta Arkoten urte askoan ibili da entrenatzaile eta arraunlari lanetan, eta “emaitza paregabeak lortuz eta lan bikaina egin” izan duela.
Arraun elkarte bizkaitarrak eskerrak eman dizkio Etxeberriari, “proiektu honetan sinistearren”, eta, etapa berri honetan “zorterik onena” opa dio.
Iragan astelehenean, Iñaki Errastik ez zuela Ondarroaren prestatzaile jarraituko iragarri zuen Bizkaiko klubak. Errastik bederatzi denboraldi eman ditu Antiguako Aman.