Vingegaardek irabazi du Volta, eta Brady Gilmore nagusitu da azken etapan
Txirrindulari danimarkarrak irabazi du Kataluniako Volta, Gilmore australiarrak azken etapa esprintean eskuratu ostean.
Jonas Vingegaard, Lenny Martinez eta Florian Lipowitz. Argazkia: EFE
Jonas Vingegaard danimarkarrak (Visma/Lease a Bike) bere maila inposatu du gaur Bartzelonan, Kataluniako Voltako 105. edizioa irabazteko. Brady Gilmore australiarrak (NSN Cycling Team) irabazi du azken etapa, 95,1 kilometrokoa, Montjuïceko zirkuituari 7 itzuli eman ostean esprintean nagusituta.
Danimarkako txirrindulariak, mendiko bi etapak garaituta, aparteko ezustekorik gabe eutsi dio liderraren elastikoari azken jardunaldian. Brady Gilmore izan da azkarrena, Dorion Godon frantziarra (Ineos Grenadiers) eta Remco Evenepoel belgikarra (Red Bull-Bora-Hansgrohe) menderatu baititu azken esprintean.
Azken etapan, Visma taldeko liderrak kontrolpean izan du Red Bull taldea, eta irabazlearen denbora egin du helmugan: 2 ordu, 6 minutu eta 44 segundo. Lenny Martinez (Bahrain Victorious) eta Florian Lipowitz (Red Bull-Bora-Hansgrohe) ere igo dira podiumera.