Paul Seixasek nagusitasun handiz irabazi du Itzulia, eta Andrew Augustek bereganatu du azken etapa
Itzuliko azken etapa ikusgarria izan da, eguraldiak lagundu ez badu ere. Andrew August (Ineos) txirrindulari estatubatuarrak garaipen handia lortu du Bergaran. Paul Seixasekin batera, Florian Lipowitz eta Tobias Halland Johannessen izan dira podiumean. Ion Izagirrek laugarren postuan bukatu du azkenekoz lehiatu duen Itzulia.
Paul Seixas, Florian Lipowitz eta Tobias Halland Johannessen, podiumean.
Paul Seixas (Decathlon) 19 urteko txirrindulari frantziarrak nagusitasun handiz irabazi du 2026ko Itzulia, aurkari guztiak lehen egunetik azkeneraino menderatuta eta hiru garaipen eskuratuta.
Podiumean, Florian Lipowitz (Red Bull-Bora) alemaniarra eta Tobias Halland Johannessen (Uno-X Mobility) norvegiarra izan ditu ondoan. Ion Izagirre (Cofidis) gipuzkoarrak, berriz, laugarren postuan bukatu du azkenekoz lehiatu duen Itzulia.
Antzuolan hasi eta Bergaran bukatu den azken etapa Andrew August (Ineos) txirrindulari estatubatuarrak irabazi du, ezustean. Asentzion gora jo du eraso erabakigarria, eta bakarka helmugaratu da. Handia egin du, bigarren aldiz lortu baitu garaipena World Tourreko lasterketa batean.
Negu giroan lehiatu da Itzuliko azken etapa, hotzak eta euriak hartu baitiote lekukoa gaur azken egunotako eguzki gozoari. Edonola ere, txirrindulariek dena eman dute, eta azken etapa ere zirraragarria izan da.
Eguneko ihesaldian, hiru txirrindulari handi izan dira: Marc Soler (UAE), Mattias Skjelmose (Lidl-Trek) eta Ben Healy (EF Education). Hainbat kilometrotan Peter Oxenberg (Ineos) eta Juanpe Lopez (Movistar) batu zaizkie, azkenerako pott egin badute ere.
Atzerago, iheslariak harrapatu nahian, 20 bat txirrindularik osatutako multzoa joan da, Tobias Halland Johannessen (Uno-X Mobility), Markel Beloki (EF Education) eta Igor Arrieta (UAE) tartean.
Paul Seixas liderraren taldeak, berriz, bidea egiten utzi die, eta tropelak 4 minutuko galera pilatu du.
Alabaina, Elosuan gora, helmugarako 58 kilometroren faltan, zalaparta piztu da faboritoen taldean, podiumerako lehian. Lehenengo, Javier Romok egin du ihes tropeletik, eta laster izan dira eraso gehiago. Florian Lipowitzek (Red Bull-Bora) bizpahiru aldiz jo du aurrera, baina Seixasek erraz erantzun dio, baita Ion Izagirrek (Cofidis) ere. Primoz Roglic (Red Bull-Bora), berriz, atzean gelditu da.
Horrela, Seixas, Lipowitz, Izagirre, Kevin Vauquelin, Javier Romo eta Clement Champoussin gelditu dira faborito nagusien taldetxoan. Halako batean, baina, liderrak erritmo aldaketa izugarria egin du, eta bere aukari guztiak atzean utzi ditu, helmugatik 56 kilometrora. Ez zuen horretarako beharrizanik, baina nahieran dabilela erakutsi du erasoa urrunetik jota.
Bakarkako lan handia egin du txirrindulari gazteak, indarra eta kemena erakutsita. Hala ere, ezinezkoa izan zaio Tobias Halland Johannessenen taldetxoari tartea jatea, eta erdibidean gelditu da.
Bigarren multzo handi horretan, Uno-X Mobility taldeko txirrindulariak gogotik aritu dira, eta Seixasekiko aldeari eusteaz gain, ihesaldia ezerezean uztea ere lortu dute, helmugarako 23 kilometroren faltan. Lehendabizi, Marc Solerrek altxatu du hanka, eta ondoren Mattias Skjelmose eta Ben Healy harrapatu dituzte.
Asentziorako igoera hasi eta berehala jo du erasoa Andrew August (Ineos) txirrindulari estatubatuarrak. Raul Garcia Piernak (Movistar) erantzun dio, eta biek egin dute aurrera. Mendatea bukatu orduko, baina, txirrindulari espainiarra atzean geratu da, eta Augustek Bergararako bidea hartu du ziztu bizian.
Atzetik, Garcia Pierna, eta pixka bat atzerago, Tobias Halland Johannessen, Simone Velasco, Emiel Verstrynge eta Filippo Fiorelli txirrindulariek osatutako taldetxoa.
Edonola ere, ez da ezusteko gehiagorako tarterik izan, eta Andrew Augustek bere ibilbide profesionaleko garaipenik handiena lortu du: Itzuliko azken etapa, Bergaran. Raul Garcia Pierna izan da bigarren, eta Frank Van den Broek, berriz, hirugarren.
Paul Seixas eta Florian Lipowitz elkarrekin sartu dira helmugan, etapako lehen sailkatutik 4 minutu eta 15 segundora, eta horiekin batera helmugaratu dira Ion Izagirre eta Pello Bilbao. Primoz Roglicek, ostera, 20 minutuko atzerapena izan du.
Horrela, bada, Lipowitz eta Johannessen izan dira Seixasen ondoan podiumean, eta Ion Izagirrek laugarren tokian bukatu du 2026ko Itzulia.
Bestalde, aurtengo Itzulia berezia izan da Ion Izagirrerentzat eta Pello Bilbaorentzat, biek ala biek azkenekoz lehiatu baitute Euskal Herriko lasterketa. Txirrindulari gernikarrak azken etapa abiatu aurretik iragarri du denboraldiaren amaieran utziko duela txirrindularitza profesionala.
Zure interesekoa izan daiteke
Euskal txirrindulariak, protagonistak etxean
Itzuliak Paul Seixasen garaipen eztabaidaezina utzi du, eta baita azpimarratzeko moduko beste irudi eta protagonista asko ere; euskal txirrindularien jarduna, esate baterako. Alex Aranburuk, Igor Arrietak, Ion Izagirrek eta Pello Bilbaok ez dute aurtengo edizioa ahaztuko.
Ion Izagirrek omenaldia jaso du Itzuliko azken etaparen amaieran
Ormaiztegiko txirrindulariak erretiroa hartuko du denboraldi honen amaieran, 17 urteko ibilbide profesionalaren ostean.
Ion Izagirre: “Itzuliak asko eman dit, eta zortekoa naiz nire azken Itzulian laugarren bukatzeagatik"
Ion Izagirre (Cofidis) Itzuliko podiumean sartzen saiatu da, baina azkenean pozik hartu duen laugarren postuarekin geratu da. Azken aldiz lehiatu du lasterketa, eta asko eman diola onartu du.
Paul Seixas: “Oso pozik nago, oso aste berezia izan da niretzat"
Paul Seixas Decathlon taldeko 19 urteko txirrindulari frantziarrak nagusitasunez irabazi du 2026ko Itzulia, aurkari guztiak lehen egunetik azkeneraino menderatuta eta hiru garaipen eskuratuta.
Andrew Augustek irabazi duen Itzuliko 6. etaparen laburpena
Andrew August (Ineos) txirrindulari estatubatuarrak garaipen handia lortu du Bergaran, 2026ko Itzuliko seigarren eta azken etapan. Euria protagonista izan den lasterketan, Paul Seixasek ez du inolako oztoporik izan sailkapen nagusian gailentzeko eta, berarekin batera, Florian Lipowitz eta Tobias Halland Johannessen izan dira podimuean. Ion Izagirrek laugarren postuan bukatu du.
2026ko Itzuliko 6. eta azken etapa: Goizper Antzuola-Bergara (135,4 km)
Jarraitu zuzenean Goizper-Antzuolan hasi eta Bergaran amaituko den 2026ko Itzuliaren seigarren eta azken etaparen emanaldia, 14:30ean hasita.
Javier Romo etapa lehiatzeko aukerarik gabe utzi duen erorikoa
Mantxako txirrindularia lurrera joan da Izuako igoeraren amaieran, Seixas eta Lipowitzekin bat egin eta gutxira.
Izagirre: “Saiatu naiz Paul jarraitzen, baina ez zela nire erritmoa ikusi dut"
Ion Izagirre (Cofidis) Eibarren hasi eta bukatu den Itzuliko 5. etapa lehiatzeko borrokatu da. Lipowitzi eta Seixasi jarraitzen saiatu dela baina ez dela haien erritmoari eusteko gai izan esan du. Podiuma urrun duen arren, lortzen saiatuko dela adierazi du.
Paul Seixas: “Etapa gogorra izan da, eta pozik nago taldearentzat lortutako garaipenagatik"
Paul Seixas (Decathlon CMA CGM Team) txirrindulari frantziarrak Itzuliko hirugarren garaipena lortu du Eibarren. 19 urteko txirrindulariak eta Florian Lipowitzek Izuan gora hautsi dute lasterketa, eta frantziarra gailendu da Eibarko helmugan.