Debora Silvestrik alta jaso du Milan-San Remo lasterketan eroriko larria izan ondoren
Txirrindulari italiarrak alta jaso du sei egun ospitalean eman ostean, Milan-San Remo proban eroriko larria izan, eta 5 saihets hautsi ostean.
Laboral Kutxa taldeko Debora Silvestri italiarrak alta jaso du gaur, Milan-San Remo proban eroriko larria izan ostean 6 egun ospitalean eman eta gero. Txirrindulariak 5 saihets-hezur hautsi zituen, eta sorbaldan mikrohaustura bat egin zuen istripuan.
Taldeak jakinarazi duenez, italiarrak hobera egin du, eta etxean hasi du errekuperazioa, medikuek gertutik jarraituta.
Cipressako jaitsieran, amaitzeko 20 kilometro baino gutxiago falta zirenean, Silvestrik eroriko larria izan zuen, ezin izan baitzion iskin egin hainbat korrikalarik izandako istripu bati. Errepideko bazterreko babesaren gainetik erori zen.