Vingegaard Giroan eta Tourrean lehiatuko da datorren denboraldian
Jonas Vingegaard txirrindulari danimarkarra entrenamendu batean. Argazkia: Europa Press
Jonas Vingegaard Visma-Lease a Bike taldeko liderrak itzuli handietan zentratuko du bere egutegia, eta, Frantziako Tourraz gain, Italiako Giroan debuta egingo du datorren denboraldian. Hala ere, helburu nagusia Frantziako Tourra izango da berriro.
"Giroa beti korritu nahi izan duela alde batera utzita, ziur gaude Tourrari begira mesede egingo diola", azaldu du Grischa Niermann taldeko kirol zuzendariak La Nucian (Alacant). Taldeak Italian irabazteko asmoa duen arren, "Tourra gure helburu nagusia da oraindik", gogorarazi du.
"Denbora daramat Giroa korritzeko asmotan. Egutegiko lasterketa garrantzitsuenetako bat da, eta inoiz egin ez dudan bat", azaldu du Vingegaardek.
Jonas Vingegaard
Nire bilduman maglia arrosa gehitzea gustatuko litzaidake
"Orain une ezin hobea dela sentitzen dut. Joan den udazkenean Vuelta irabazteak are gehiago motibatzen nau Italian ere garaipenaren bila joateko. Nire bilduman maglia arrosa gehitzea gustatuko litzaidake", gaineratu du.
Orain arte Vingegaardek bi garaipen eta hiru bigarren postu lortu ditu Frantziako Tourrean. "Hirugarren aldiz irabaztea sinestezina izango litzateke. Zaila izango da, baina agian aurreko bi edizioak baino zirraragarriagoa", adierazi du danimarkarrak ibilbideari erreferentzia eginez.
Txirrindulariak azpimarratu duenez, aurten Tourreko une erabakigarriak azken astean bilduko dira, eta horrek denbora aldeak murriztu ditzake. "Hala ere, hasieratik prest egon beharko dugu Bartzelonako taldekako erlojupekorako. Lan handia egin dugu diziplinan, eta lasterketa hasteko modu berezia izango da", erantsi duenez.