2026ko Itzulia Women lasterketan hamalau mendate puntuagarri izango dira, hiru etapatan, maiatzaren 15etik 17ra bitartean
Lasterketako bosgarren ekitaldia Zarautzen hasiko da, maiatzaren 15ean, ostiralez, eta Donostian amaitu, hilaren 17an, igandez. Hiru etapa izango ditu probak: Zarautz-Zarautz (121,3 kilometro), Abadiño-Zornotza (138 kilometro), eta Donostia-Donostia (113,1 kilometro).
2026ko Itzulia Women maiatzaren 15ean hasiko da. Argazkia: EFE.
2026ko Itzulia Women maiatzaren 15ean hasiko da, ostiralez, Zarautzen, eta hilaren 17an amaitu, igandez, Donostian. Lasterketako bosgarren ekitaldia asteazkenean aurkeztu dute, Zarautzen, eta txirrindulariek hamalau mendate puntuagarri igo beharko dituzte, ibilbideko hiru etapetan; honako hauek dira: Zarautz-Zarautz (121,3 kilometro), Abadiño-Zornotza (138 kilometro), eta Donostia-Donostia (113,1 kilometro).
Hala, 2026ko Itzulia Womeneko lehenengo etapa, maiatzaren 15ean (ostirala da), Zarautzetik irtengo da, eta Gipuzkoako udalerri horretan bertan bukatuko da, 121,3 kilometro eginda. Jardunaldi horrek desnibeleko 2.400 metro pilatuko ditu, eta ziklistek mendiko sailkapenerako puntuagarriak diren sei mendate igo beharko dituzte. Aurrenekoa hirugarren mailako Itziar izango da, 18,8. kilometroan, eta, jarraian, hirugarren mailako beste bi mendate izango dira: Kalbario, 32,7. kilometroan, eta Azkarate, 47,1.ean. Lehenengo esprint berezia Urrestillan jokatuko dute, 61,3. kilometroan, eta gerora bigarren mailako Santa Ageda igoko dute, 72. kilometroan. Etumeta hirugarren mailako mendatea 91,6. kilometroan izango da, eta, 107,1.ean, Zubialdeko esprint berezia. Eguneko azken igoera puntuagarria Garate da, eta helmugarako zortzi kilometro geldituko direnean izango du pankarta.
Hurrengo egunean, hilaren 16an (larunbata da), Itzulia Bizkaian barrena izango da. Abadiñotik irtenda, txirrindulariek Trabakua igoko dute; hirugarren mailako mendate hori 7,5. kilometroan izango da. Hirugarren mailakoa ere bada Merelludi, eta 23,5. kilometroan dago. Lekeitio atzean utzita, ziklistek Natxiturako igoera egin beharko dute (hirugarren mailakoa da, 43,1. kilometroan), eta, ondoren, Arteagako eta Bermeoko zaleek Itzuliko parte-hartzaileak txalotuko dituzte.
Hirugarren mailako San Pelaio igoko da, 84,5. kilometroan, eta Ibarrako esprint berezia izango da jokoan, jarraian (104. kilometroan). 115,6. kilometroan, Aretxabalganerako igoera egingo dute ziklistek. Bigarren esprint berezia Muxikan jokatuko dute; helmuga zazpi kilometrora izango dute bertatik, Zornotzan. Guztira, jardunaldiak 2.560 metroko desnibel metatua izango du.
Lasterketako hirugarren egunerako, antolatzaileek erabaki dute ziklistak Donostiatik abiatuko direla; laster izango dira Astigarragan eta Gurutzen, azken hori puntuagarria izan gabe. Bada puntuagarria, jakina, Jaizkibel; hain zuzen ere, 2026ko Itzuliko mendaterik gogorrena da. Lehen mailakoa da Jaizkibel, 7,9 kilometroko igoera, batez beste % 5,6ko malda duena. Pankarta ibilbideko 42,4. kilometroan izango da.
Irun atzean utzita, Itzulian Gurutze igoko da; orain, puntuagarria da, hirugarren mailakoa. Pasai Antxoko zaleek gozatu ahal izango dute lasterketaz, eta, segituan, etapako bi esprint bereziak izango dira jokoan: Donostiakoa, 75,9. kilometroan; Usurbilgoa, ordea, 86,6.ean.
Mendizorrotz bigarren mailako mendatearen pankarta helmugarako soilik hamar kilometrora izango da; hortaz, erabakigarria izan liteke. Euskal Herriko zale guztiek Donostian txalotzeko aukera izango dute 2026ko Itzuliko irabazlea, proba Gipuzkoako hiriburuan bukatuko baita. Azken etapan, desnibel metatua 1.840 metrokoa izango da.
Zure interesekoa izan daiteke
Usoa Ostolaza: “Nire helburua gaur etapa irabaztea zen; hala ere, oso pozik nago”
Dominika Wlodarczyk nagusitu da azken etapan, esprintean, eta Micha Bredewoldek irabazi du 2026ko Itzulia Women; Usoa Ostolazak, berriz, laugarren egin du etapan eta zortzigarren sailkapen nagusian.
Itzulia Womeneko hirugarren etapako azken kilometroa
Azken esprintean, Wlodarczyk nagusitu da, larunbatean Zornotzan egin zuen bezala, eta Muzic, Dickson, Ostolaza, Kastelijn eta Bredewold liderra helmugaratu dira ondoren.
Bredewoldek irabazi du Itzulia Women lasterketa, eta Wlodarczyk nagusitu da hirugarren etapan
Azken esprintean erabaki da etapako garailea, Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) zarauztarra 4. helmugaratu da, eta 8. sailkatu da sailkapen nagusian.
ZUZENEAN: 2026ko Itzulia Womeneko 3. etapa, Donostia-Donostia
Women 2026 Itzuliaren hirugarren etaparen zuzeneko emanaldia, Donostian hasi eta amaituko dena.
Wlodarczyk: “Ez nuen ezer galtzeko, eta dena neukan saiatzeko”
Dominika Wlodarczyk (UAE) poloniarraren adierazpenak, Itzulia Womeneko bigarren etapa irabazi berritan. (Adierazpenak ingelesez)
Wlodarczykek irabazitako Itzulia Womeneko bigarren etapako azken kilometroa
Azken kilometroetan, Shirin van Anrooij (Lidl-Trek) herbeheretarrak eta Dominika Wlodarczyk (UAE) poloniarrak jo dute erasoa, pelotoiari tarte txiki bat ateraz. Batera iritsi dira azken kilometrora, eta, azken metroetako esprintean pelotoiak harrapatu dituen arren, Wlodarczyk nagusitu da.
Wlodarczyk gailendu da bigarren etapan, Zornotzako esprintean
Azken kilometroetan pelotoia atzean utzi eta lehia estua mantendu du Adegeestekin, baina azken esprintean bera izan da azkarrena.
ZUZENEAN: Itzulia Womeneko 2. etapa, Abadiño - Amorebieta-Etxano
Jarraitu zuzenean 2026ko Itzulia Women lasterketako bigarren etaparen emanaldia.
Ostolaza: “Kirol bizitza bukatzean, honelako momentuekin gogoratzen zara, emaitzekin baino gehiago"
Usoa Ostolazak 7. bukatu du Itzulia Womeneko lehen etapa. Zarauztarren babesa jaso du lasterketan zehar, eta oso hunkituta agertu da izandako harreragatik.
Mischa Bredewold gailendu da Zarautzen, eta 2026ko Itzulia Womeneko lehen maillot horia jantzi du
SD Worx taldeko txirrindulari herbeheretarra nagusitu da etapan erabakigarria izan den esprintean, garaipena harekin jokatu duten lau txirrindulariak menderatuta: Yara Kastelijn, Riejanne Markus, Lauren Dickson eta Antonia Niedermaier. Usoa Ostolaza zazpigarren helmugaratu da, eta sailkapen nagusian zortzigarren sailkatu da, 31 segundora.