Euroliga
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Kosner Baskoniak Kopako ajea ordaindu du eta Valentziaren aurka jipoia jaso du Buesa Arenan (79-108)

Partida hasi aurretik Baskoniak Valentzian irabazitako Errege Kopa eskaini die zaleei kantxa erditik. Norgehiagoka lehen minutuetan hautsi da, eta Arabako taldea atzetik joan da neurketa osoan zehar.

(Foto de ARCHIVO)

December 23, 2025, Valencia, Spain: Clement Frisch of Kosner Baskonia Vitoria-Gasteiz seen in action during the EuroLeague Basketball regular season gameday 18, between Valencia Basket (ESP) and Kosner Baskonia Vitoria-Gasteiz (ESP) at Roig Arena. Final scores:   Valencia Basket 91-81 Kosner Baskonia



Europa Press/Contacto/David Pastor Andres

23/12/2025

Argazkia: Europa Press

Kosner Baskoniak jipoia jaso du Valentzia Basketen aurka gaur gauean Gasteizko Buesa Arena pabiloian jokatu den Euroligako norgehiagokan (79-108). Talde gasteiztarrak Kopako esfortzua eta ondorengo ospakizunak ordaindu ditu talde taronjaren kontra. Garaipen argi honekin Valentzia sailkapeneko bigarren postuan kokatu da. Bestalde, arabarrak, aukerarik gabe dagoeneko, are gehiago hondoratu dira sailkapenean.

Partida hasi aurretik Baskoniako taldeak, Tadas Sedekerskis kapitaina buru zuela, Errege Kopa eskaini die zaleei kantxa erditik. Paolo Galbiati entrenatzaileak gaurko porrotaren ostean iragarri duenez, Sedekerskisi ebakuntza egin beharko diote berriro, eta "denboraldia bukatu arte ez du gehiago jokatuko".       

Baskoniak Kopako ajea lehen laurdenetik ordaindu du. Valentzia Basket askoz hobeto atera da partidara, arabarrei 0-7ko partziala sartuz lehen minutuetan. Gainera, Howardek eta Radzeviciusek bina falta egin dituzte oso azkar. Galbiatik partida gelditu du bere lehen hutsartearekin, jadanik markagailuan 6-17 kezkagarria zegoenean. Diakitek erasoko errebotean egindako lana eta Simmonsen intentsitatea aipagarriena izan da arabarren aldean. Hala ere, ez da nahikoa izan Valentziari eusteko (16-35).

Paolo Galbiatiren jokalariek ez dute partidaren dinamika aldatzea lortu bigarren laurdenean. Baskoniak ez du intentsitate handirik erakutsi defentsan, eta erasoan kamuts aritu dira. Aitzitik, talde valentziarrak berea egiten jarraitu du, Baskoniaren uztaia behin eta berriro zulatuz, arabarren defentsa ahularen aurrean. Taronjak 33 puntu aurretik joan dira atsedenaldira (35-68).

Aldageletatik bueltan, norgehiagokaren gidoia ez da aldatu, eta Pedro Martinezen mutilek partidan agintzen jarraitu dute, talde gasteiztarraren ezintasunaren aurrean. Monterok, Reuversek eta Keyk Baskoniaren uztaia zulatzen jarraitu dute, Costellok eta Moorek lagunduta. Galbiatiren mutilek, agian, intentsitatea zertxobait igo dute, eta borroka gehiago egin dute, baina, hala ere, taronjak 35 puntuko aldearekin iritsi dira azken laurdenera (58-93).

Azken laurdenak Valentziaren garaipena baieztatzeko baino ez du balio izan. Horrela, partidaren amaiera tramite hutsa bihurtu da. Galbiatiren taldea markagailua makillatzen saiatu da, baina ozta-ozta lortu du (79-108.)

Paolo Galbiati

Ez gara talde hau

Galbiati "triste" agertu da bere zaleei garaipenik oparitu ezin izan dielako. "Partida gogorra espero nuen, baina ez gertatutakoa. Valentzia da prestatu gabe aurre egiteko talderik txarrena", nabarmendu du lonbardiarrak.

"Datozen hiru egunak burua garbitzeko erabili behar dira", esan du, eta Valentziaren dinamika aldatzea "ezinezkoa" izan dela onartu du, talde taronjari "meritu handia" emanez. "Estilo argiarekin, energiarekin eta talentuarekin jokatzen du", gaineratu du.

"Entrenatu behar duen taldea gara, eta jokalari guztiak fisikoki eta mentalki prest egon behar dira", azpimarratu du Galbiatik. "Ez gara talde hau", ziurtatu du.       

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X