MASTER SERIESEN AURKEZPENA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Imanol Lopezek, azken mende laurdeneko atzelari onenak, erretiroa hartuko du, jaioterrian

Zumaian erretiratuko da, apirilaren 6an, eta finalerdia irabazten badu, astebetera, San Telmo egunean. Zumaiako Master Seriesean, momentuko aurrelaririk onena izango du Lopezek lagun: Aritz Erkiaga.

Imanol-Lopezen-agurra-Zumaia-aurkezpena

Zumaiako Master Series txapelketaren aurkezpena. Irudia: EITB

Imanol Lopez badoa. Azken mende laurdeneko atzelari onenak erretiroa hartuko du Zumaiako Master Seriesen. Badoa Goikoetxea herrikidearekin batera zesta-puntan aro ahaztezin bat markatu duen pilotari handia. Iñaki eta Imanol haien garaiko pilotari onenak izan dira.

Azken txapelketa 42 urte egin berritan jokatuko du eta Zumaian, jaioterrian, emango dio amaiera bere ibilbide profesional loriatsuari. 2003an Gernikan egin zuen debuta San Fermin egunez eta Zumaian erretiratuko da, apirilaren 6an, eta finalerdia irabazten badu handik astebetera, San Telmo egunean.

Sei bider Binakako Txapeldun (2008, 2009, 2010, 2011an bi aldiz —Munduko Pilota Batzarra eta Nazioarteko Federazioa— eta 2022), Banako beste bi txapel (2017 eta 2019), Eusko Label Winter Series bat (2023) eta beste dozenaka txapel garrantzitsu jantzi ditu (Daniako eta Miamiko tituluak, Orlandoko Citrusak, Mexikoko txapelketak eta Euskal Herrian, Biarrizko Urrezko Xisterak, Donibane Lohizuneko Nazioartekoak, etb…).

Bera erretiratuko da, eta Jai Alai Ligako txapeldunaren Urrezko Gerrikoa jantzita, gainera. Barandikarekin lortu zuen denboraldiko garaikur nagusia Donostiako Karmelo Baldan.

Frida, Winter Seriesetik Zumaiara

Zumaiako Master Seriesean, momentuko aurrelaririk onena izango du Lopezek lagun: Aritz Erkiaga, urte luzez berarekin kantxa konpartitu duen ispastertarra. Hala ere, beste bi zumaiar ere izango dira kantxan, Jai Alai Ligako proba puntuagarrian: Unai Uranga eta Frida Watkins. Azken horrek Euskotren Winter Seriesko txapela irabazi berri du astelehen honetan bertan Durangoko Ezkurdi pilotalekuan eta etxean estreinatuko du garaikurra.

Emakumeen denboraldian, Jai Alaiko laugarren proba puntuagarria da Zumaiakoa eta gizonezkoen bederatzigarrena.

Gizonezkoen Master Seriesa: Erkiaga-Lopez, Johan-Ibarluzea, Urreisti-Uranga, Olharan-Lekerika.

Emakumeen Master Seriesa: Elaia-Frida, Ihart-Maialen, Sorozabal-Eneritz, Helena-Oaia.

-Martxoak 30, astelehena: Ihart-Maialen vs Sorozabal-Eneritz eta Urreisti-Uranga vs Olharan-Lekerika

-Apirilak 6, astelehena: Elaia-Frida vs Helena-Oaia eta Ekiaga-Lopez vs Johan-Ibarluzea

-Apirilak 13, San Telmo eguna: finalak, EITBn ikusgai

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X