Goiko eta Etxeto, finalerdietara Johan eta Del Rio garaituta
Iñaki Osa Goikoetxea eta Nicolas Etxeto Eusko Label Winter Serieseko finalerdietan izango dira, Johan Sorozabal eta Julen del Rio gazteek osatutako bikoteari hiru setetan irabazi eta gero (15-14, 12-15 eta 5-1), txapelketako 10. jardunaldian. Bide batez, garaipen horrek hurrengo faserako zeharkako sailkapena eman zion Beaskoetxea-Lopez bikoteari ere, B multzoko ligaxka ixteko neurketa bakarra falta denean.
Neurketari askoz behartuago ekin zioten urdinez aritu ziren Johan eta Del Riok, bi partida jokatu ostean lau puntu baino ez baitzituzten euren alde. Hala, garaipena ezinbestekoa zuten sailkatzeko itxaropenei eusteko.
Lehia orekatu hasi zen bi berdinketa kateatuz (1-1 eta 2-2). Bigarren berdinketa hori Goikoetxeak gauzatutako txik-txak bikain batez heldu zen. Jokaldi hori izan zen aurrelari zumaiarrak neurketan zehar ondoen baliatu zuen arma, aurrean baino atzean erdietsi baitzituen bere tantorik gehienak.
Hortik aurrera, partidak gorrien aldeko joera hartu zuen hiru tantoko aldearekin (6-3). Alabaina, Del Riok ezin hobeto moztutako pilota batekin eta Johanek aurrean primeran gauzatutako ekintzen bidez, markagailua iraultzea lortu zuten. Ondorioz, atsedenaldi txikira aurretik heldu ziren urdinak (7-8).
Norgehiagoka parekatua, baina distira handirik gabekoa zihoan, lau pilotariek tanto onak eta hutsegiteak lotzen zituztelako. Bereziki deseroso agertu zen Etxeto lapurtarra, eta hala aitortu zuen gerora, partida osteko adierazpenetan.
Ondorioz, alde batera eta bestera erortzen ziren tantoak. Halako batean beteranoak lehen aldiz aurre hartzeko gai izan ziren (12-11), baina 15. tantora bidean beste hiru berdinketa iritsi ziren: 12an, 13an eta 14an. Jokoko azken tantoan, tentsioa nabaria zen. Urdinak agintzen izan ziren une batzuetan, baina ordura arte irregular zebilen Etxetok bi pilota oso zail eraman zituen tantoari eusteko, eta Goikok ez zuen barkatu seta erabakitzeko izan zuen lehen abagunea, pilota aurrealdean ederto moztuta (15-14).
Gauzak oso zail zituztela jakitun (2-1 irabaztea ez zen nahikoa, aldeko tanto mordoarekin egin behar zuten), urdinek indartsu ekin zioten bigarren jokoari, eta berehala hasi ziren agintzen (1-3, 3-6), eta lau tantoko zuloa bereganatu zuten atsedenaldi txikia heldu zirenerako (4-8), besteak beste, Johanek aurrealdean azaldutako ausardiari esker. Aldea areagotzen jarraitu zuten urdinek, 6 tantorainokoa izatera iritsi arte (4-10).
Seta oso aldapa gora zutela ikusi arren, gorriek lanari eutsi zioten, eta bi tantora arte murriztu zuten markagailuko zuloa (9-11) neurketako tantorik ikusgarrienetako batekin: Johanek gozo-gozo utzi zuen dejada, baina Goikok asmoa igarri eta aurrean txikitu egin zuen pilota emaitza estutzeko. Dena dela, bikote gazteak jakin bazekien seta nola edo hala irabazi behar zuela bizirik jarraitzekotan, eta euren gogoa gailendu zen beteranoenaren gainetik (12-15).
Hirugarren eta azken seta emozioz betea izatea espero zuten Gernikako Jai Alai frontoiko harmailetan bildutako 1.650 pilotazaleek, baina ez zen halakorik gertatu, gorriek ez baitzieten inolako aukerarik aitortu urdinei (5-1). Azken tantoan polemikarako beta ere egon zen. Goiko kexu azaldu da Del Riok zesta barrura eraman ez zuen pilota baten aurrean, gasteiztarrak pilota zestarekin ukitu zuela iritzita. Del Rio geratu egin zen bere akatsa gaitzetsiz eta Zumaiako aurrelariak ere jokatzeari utzi zion, epaileek arrazoia emango ziotelakoan. Hasiera batean, epaileek ez zuten jokaldia hala ikusi, eta, nahasmen une batzuen ostean, Del Riok hala gertatu zela aitortu eta era horretan amaitu zen neurketa.
Horrenbestez, urtarrilaren 23an jokatuko den B multzoko azken neurketan (Goikoetxea-Etxeto vs Tambourindeguy-Minvielle) jokoan egongo den gauza bakarra da multzoko buru nork amaituko duen. Helburu hori erdiesteko, Goikok eta Etxetok nahikoa dute set bat irabaztearekin.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Label Winter Series finaleko jokaldi onenak
Johan Sorozabalen eta Thibault Basqueren garaipenarekin eman zion amaiera Eusko Lanbel Winter Series 2025-2026 txapelketak, otsailaren 15ean, Gernikan. Alex Goitia eta Unai Lekerika garaitu zituzten iparraldekoek final estu baten ondoren.
2025-2026ko Eusko Label Winter Series txapelketako sailkapenak, emaitzak eta egutegia
Txapelketak 18 jardunaldi izango ditu, eta urriaren 27an hasiko da. Partida guztiak astelehenez jokatuko dira, finala izan ezik (otsailaren 15ean, igandez). Topaketak ETB1en eta eitb.eus izango dira ikusgai.
Giro bikaina Eusko Label Winter Series txapelketako finalean
Zale mordoa bildu da Gernikako Jai Alai pilotalekuan Eusko Label Winter Series txapelketako finalaz gozatzeko.
Johani eta Basqueri Winter Serieseko txapelak eman dizkien azken tantoa
Johanek eta Basquek irabazi dute 2025-2026ko Winter Series txapelketa. Final lehiatua izan da, eta Goitiaren azken tantoko akatsak Iparraldekoei eman dizkie txapelak.
Basque: "Mundu guztiak nahi du irabazi Winter Seriesa, eta oso harro nago"
Johan eta Basque oso pozik agertu dira garaipena eskuratu ostean, eta euren gertukoei eskaini dizkiete txapelak, Barandikari aipamen berezia eginez.
Johan eta Basque, 2025-2026ko Eusko Label Winter Serieseko txapeldunak
Igandean jokatutako finalean, Johan Sorozabalek eta Thibault Basquek Alex Goitia eta Unai Lekerika menderatu dituzte, hiru jokotan: 15-10, 14-15 eta 5-1. Garaipena eskuratu duten puntistek aurreneko aldiz jantzi dute Winter Serieseko txapela.
Zuzenean, 2025-2026ko Winter Series txapelketaren finala: Johan-Basque vs Goitia-Lekerika
Ikusi zuzenean 2025-2026 edizioko Eusko Label Winter Series txapelketaren finala, igande honetan, otsailaren 15ean, 11:30etik aurrera, Gernikako Jai Alaitik.
Barandika: "Final potentea ikusiko dugu"
Xabier Barandikak Winter Serieseko final handirako txartela lortu zuen, baina, finalerdietan min hartuta, ezingo du partidarik garrantzitsuena lehiatu. Nola ikusten du gernikarrak finala?
Alex Goitia: “Txapela lortzeko borrokatu behar dugu, eta etxera txapelarekin joan behar dugu”
Alex Goitiak eta Unai Lekerikabeaskoak Eusko Label Winter Series 2025-2026 txapelketako finala jokatuko dute igandean, otsailaren 15ean, Thibault Basqueren eta Johan Sorozabalen aurka. Partidaren atarian, Goitia eta Lekerekin egon gara eta bertan egotea “egindako lanaren fruitu” dela azaldu digute. Biak ala biak txapela etxera eramateko gogoz daude.
Imanol Lopezek Gernikako Jai Alai frontoian egindako azken tantoak
Imanolek agur esan zion Jai Alai frontoiari, Gernikan bildu ziren zale eta jarraitzaileek omenaldi beroa egin zioten, eta atzelari zumaiarrak horren neurrian jardun zuen. Garaipenik ez, baina horrelako tanto ikusgarriak oparitu zizkigun.