Historiako lehen urrea eta zilarra Euskal Selekzioarentzat, binaka zesta-puntan
Xabi Barandikak eta Unai Lekerikak historiako lehen urrezko domina eman diote Euskal Selekzioari. Maite Ortiz de Mendibil eta Maia Goikoetxea zilarrarekin konformatu behar izan dira, finala galduta.
Euskal ordezkarien poza, gizonezkoek finala irabazi eta urrezko domina lortu ostean. Irudia: EITB
Euskal Selekzioak urrezko eta zilarrezko lehen bi dominak bildu ditu zesta-puntako binakako finaletan, Argentinako eta Uruguaiko Munduko Pilota Txapelketan. Emakumezkoen finalean euskal ordezkariek amore eman dute Espainiaren aurrean, eta zilarrarekin konformatu behar izan dira. Gizonezkoen finalean, ordea, ez dute hutsik egin eta historiako lehen urrea bildu dute Euskal Selekzioarentzat.
Zilarra, Espainiaren aurka finala bi jokotan galduta
Espainiak Euskal Selekzioa garaitu du bi jokotan (15-9 eta 15-12), zesta-puntako emakumezkoen binakako finalean, Munduko Pilota Txapelketan. Coloniako (Uruguai) Real San de Carlos pilotalekuan jokatutako finalean, bikote faboritoa (Erika Mugartegi eta Arai Lejardi) nagusitu da. Lehen jokoa nahiko erraz irabazi diete Maite Ortiz de Mendibili eta Maia Goikoetxeari. Bigarren jokoan, ordean, lanak izan dituzte euskal bikotea azpiratzeko.
Lehen jokoan, 0-1 aurreratu da Euskadiko Selekzioa, baina ondoren Espainiako ordezkariak izan dira beti markagailuan aurretik. Erikak eta Araik sendo jokatu dute, eta aldeari eusten asmatu dute. Abantaila ez da handia izan, Maitek eta Maiak ez dutelako sekula etsi. Bi tantora izan dituzte, baina ezin izan dute markagailua berdindu. Gainera, jokoaren azken txanpan Espainia ordezkatzen duen bikote markinarrak tarte zabalena lortu du lehen jokoa poltsikoratzeko (15-9).
Bigarren jokoa oso oker hasi da euskal ordezkarientzat. Faboritoak oso erraz berriro nagusitu behar zirela ematen zuen; izan ere, 5-1 aurreratu dira. Baina aurrelari gasteiztarra eta atzelari berriatuarra ez zeuden amore emateko prest, eta markagailua ekarri dute, aurkariengan zalantzak sortuz. Lehendabizi seina berdindu dute, eta ondoren neurketan bigarrengoz aurretik jartzea lortu dute, 6-8. Arabarrak eta bizkaitarrak majo estutu dituzte markinarrak (9-11), baina Erikak eta Araik markagailua berriz iraultzea lortu dute (13-11). Azken tantoetan borroka latza izan da, baina ez da posible izan, Euskal Selekzioak amore eman du Espainiaren aurrean (15-12).
Urrea, finalean Ameriketako Estatu Batuak hiru jokotan garaituta
Ondoren, Xabi Barandika eta Unai Lekerika euskal ordezkariak eta Johan eta Gorka, Sorozabal anaiak, izan dira lehian, gizonezkoen binakako finalean, azkenak Ameriketako Estatu Batuen selekzioa ordezkatuz.
Lehen jokoan, hasierako berdinketen ostean, aginte makila hartu dute Barandikak eta Lekerikak, eta ez dute laga bukaeraraino. Hiruna eta launa izan ondoren, 5-9 aurreratu da euskal bikotea, gauzak oso zail jarri ordezkari estatubatuarrei. Errenta hori ederki baliatu dute gernikarrek, eta aise nagusitu dira lehen jokoan (9-15).
Bigarren jokoa ezin hobeto bideratu dute 0-4koarekin. Hala ere, zenbait opari eginda, konturatzerako, Johan eta Gorka gainean zituzten. Ameriketako Estatu Batuak ordezkatzen dituzten anaia lapurtarrek partidaren joera aldatu eta aurretik jartzeko baliatu dute aukera. Barandika eta Lekerika lehen jokoan baino askoz eskasago aritu dira, jokoaren ekimena erabat galduta. Gauzak horrela, Johanek eta Gorkak bigarren jokoa poltsikoratu dute (15-10), neurketa berdinduz.
Hirugarren eta azken joko erabakigarrian, lau pilotariek nekea somatzen hasi dira. Hala ere, jokoaren lehen erdia oso gogorra, borrokatua eta orekatua izan da. Launako berdinketaren ostean jokoa haustea lortu dute Barandikak eta Lekerikak, eta zuzenean 10. kintzera joan dira (4-10). Asko sufrituta, baina Euskal Pilota Selekzioarentzat bere historiako lehen urrezko domina bildu dute gernikarrek.
Te puede interesar
Euskal Selekzioa, munduko txapeldun binakako zesta-puntan!
Zilarra Euskal Selekzioarentzat, emakumezkoen binakako zesta-puntako Munduko Txapelketan
Ander Murua, Lau t'erdikoaren ustekabeko protagonista: “Lehen mailan presioa handiagoa da"
2025-2026ko Eusko Label Winter Serieseko hiru tantorik onenak
Euskal Selekzioak beste bost garaipen lortu ditu Munduko Pilota Txapelketaren 5. jardunaldian