Maialen Chourraut, hirugarrena K1eko sailkapen nagusian
Maialen Chourrautek hirugarren postuan bukatu du Kayakeko K1 modalitateko Munduko Kopa, ostiral honetan La Seu d'Urgellen jokatu den zirkuituko azken probaren ostean.
Chourrautek 99,36 segundoko denbora egin du finalean, eta seigarren amaitu du, ibilbideko azken atea sorbaldarekin ukitu ondoren. Zigorrak marka hobetzea eragotzi dio.
Euskal palistak denboraldi bikaina egin du K1eko Munduko Kopan: 227 puntu lortu ditu eta hirugarren postuan kokatu da sailkapen nagusian.
Emakumezkoen proban, Jessica Fox nagusitu da, 93,77 segundoan jaitsiera garbia eginda; bigarren Camille Prigent sailkatu da (94,49), eta hirugarren, Monica Doria andorratarra (96,44).
Gizonezkoetan, Pau Echaniz bederatzigarren izan da, 88,65 segundoko marka eginda.