Edorta Rahm: "Harrigarria da Jonek lortu duena, oso harro nago"
U.S. Openeko txapelduna den Jon Rahmen aita elkarrizketatu du Diego Aranbalzak Radio Euskadiko "Fuera de Juego" saioan. Titulua lortu ondorengo egunak nola bizitzen ari diren azaldu du Edorta Rahmek.
"Igandean Jonek garaipena lortu zuenetik estresa izan da nagusi etxean, baina estres eramangarria, estres ona", adierazi du Edortak elkarrizketaren hasieran. "Oraindik kosta egiten zaigu gure semeak U.S. Open txapelketa irabazi duela barneratzea. Astelehen gauean Jonen etxean geunden afaltzen, eta ia ez genuen hitz egin, jaten ari ginen ia hitz egin gabe. Jonen etxean gaudenean kopari begira geratzen gara bertan grabatuta dauden izenei begira, eta ez dugu sinesten", gaineratu du.
Jon Rahmek urte osoan zehar edukiko du garaikurra etxean, eta bitxigile batengana eraman beharko du bere izena bertan graba dezan, Edortak jakinarazi duenez. Jonek garaikurra Bilbora ekarri nahi du, baina ez daki egin ahalko duen, hegazkinez bidaiatzeko arazoak sor bailitezke horrelako gauzak eramateko orduan.
Harro dago Edorta semeak lortu duenarekin: "Harro nago. Bere buruari jartzen dizkion helburuak bete egiten ditu. Harrigarria da lortzen duena. Asko entrenatzen du, eta zerbait berezia du golferako".
Adituek eta zaleek Jon Rahmek momentu zailak gainditzeko duen indarra eta kemena goraipatzen dute, eta, Edortaren ustez, hori jaiotzetik izaten den zerbait berezia da. Hala ere, elkarrizketan aitortu duenez, Jonen aitonak gene lehiakorra zuen, eta inoiz ez zuen ezer galdutzat ematen.
U.S. Open txapelketa oso lehiatua izan zen, eta Jonen aitak esan du noiz jakin zuen irabazteko moduan izango zela: "Azken eguneko amaierako zuloetara arte ez neukan argi, baina 18. zuloan egin zuen birdiearen ostean jakin nuen garaipena lortzeko aukera izango zuela".
Zaleek txapelketan zehar Jon Rahmi eskainitako babesa azpimarratu du Edortak. Bestalde, argi utzi du Jonek berdin jarraitzen duela gurasoekin eta senideekin, ez zaiola arrakasta burura igo, eta eurekin golfean jokatzen jarraitzen duela. Gainera, koronabirusaren pandemiarengatik urtebete semea ikusi gabe egotea oso gogorra izan da Edortarentzat, eta iloba ere ezin izan dute ikusi. Duela bi aste Jon Rahm Memorial txapelketan garaipena lortzeko lehian zebilenean, positibo eman zuen covid-19an, eta, ondorioz, txapelketa utzi behar izan zuen; orduan bizitako momentuez ere hitz egin du Edorta Rahmek.
"Jonen ametsa beti izan da mayor bat irabaztea, eta lortu du. Gainera, gehiago lortzeko bidean da. Irabaztea oso zaila da, baina oraindik Jon Rahmen bertsio onena ez dugula ikusi uste dut", esan du Edortak.
Etorkizunari begira, Jon Rahmek txapelketa handiei eta Olinpiar Jokoei aurre egin beharko die laster. Edortaren esanetan, Jonen helburua dena irabaztea da, nahiz eta badakien hori lortzea oso zaila dela.
British Open txapelketa edo Tokioko Olinpiar Jokoak, bietatik bat irabaztea aukeratu beharko balu, Jon Rahmen aitak ez daki semeak zer aukeratuko lukeen. Elkarrizketa amaitu aurretik Edortak esan duenez, Jon Rahmi iritsi zitzaizkion Euskal Herritik bidalitako animoak.
Zure interesekoa izan daiteke
Mikel Linazisoro etxera itzuli ondoren: "Bergarak dena ematen dit, etxean sentitzeak bete egiten nau"
Medikuntzako ikasketak amaitu eta eskaladaren aldeko erabateko apustua egin zuen. San Cugateko errendimendu altuko zentroan izan zen, sasoiz ederto, baina buruz ez hainbeste. Etxera itzuli eta gutxira Baltzolan Iñi Ameriketan 9a+ mailako bide ezaguna kateatu du.
"Laetitia”, Leti Canalesi buruzko dokumentala, Surf Film Festivalen
Leti Canales Euskal Herriko surflari handienetakoa da, eta dagoeneko badu dokumentala: “Laetitia”. Sopelako surflaria “oso pozik" dago "bere filma hemen, etxean, jartzeko aukera izateagatik”.
Bilbao Surf Film Festivalen 11. edizioa aurkeztu da
Martxoaren 18tik 22ra bitartean egingo da eta aurten lau egoitza ofizial izango ditu, bina Getxon eta Bilbon. 60 filmetik gora ikusi izango dira ikusgai; tartean, Laetitia.
Higinio Rivero ez da sailkatu iraupen-eskiko esprinteko finalerdietarako, baina historia egin du
Iraupen-eskian lehiatuta, barakaldarra, 43 urtekoa bera, hiru kiroletan aritu da Joko Paralinpikoetan; Estatuan, ez du hori beste inork egin. Riverok, asteartean, hogeita laugarren postua eskuratu du.
Argazki-galeria: Egoitz Bijueska, park modalitateko munduko txapelduna
Egoitz Bijueska skater bilbotarra izan da nagusi Sao Paulon jokatutako Munduko Skate Txapelketetan. Kalani Konig brasildarra geratu da bigarren, eta Tom Schaar estatubatuarraren, hirugarren.
Egoitz Bijueska, park modalitateko munduko txapelduna 15 urterekin
Bilbotarrak urrea eskuratu du 95.83ko puntuazioarekin, Kalani Konig brasildarraren (zilarra) eta Tom Schaar estatubatuarraren (brontzea) aurretik.
Egoitz Bijueska, park modalitateko finalera!
Naia Lasok, aldiz, 15. postuan bukatu du lehia finalerdietan, eta finaletik kanpo geratu da.
Higinio Riverok historia egin du Milango Neguko Paralinpiar Jokoetan
Espainiarekin biatloi egokituan parte hartu duen lehen kirolaria izan da.
Rahmek titulurik gabeko urte eta erdiko lehorteari amaiera eman dio Hong Kongeko LIV txapelketa irabazita
Barrikako golf jokalariak 2024ko irailean irabazi zuen azken txapelketa, Chicagon.
Naia Laso eta Egoitz Bijueska park modalitateko finalerdietan izango dira Skateko Munduko Txapelketan
Alain Kortabitartek eta Gadea Mojak agur esan diote lehiari sailkatzeko txandan, eta Peio Gonzalezek, final-laurdenetan.