Realak porrota jaso du Real Madrilen aurka (4-1)
Donostiako taldeak emaitza gogorrarekin galdu du Santiago Bernabeun, talde zuriari ordubetez ondo eutsi ostean. Mbappek hat trick batekin eta Viniciusek sartu ditzute zurien golak, eta Sucicek egin du txuri-urdinena.
Mbappe, Realaren aurka sartutako hirugarren gola ospatzen. Argazkia: EFE.
Realak denboraldiko bigarren porrota jaso du, Santiago Bernabeun, Real Madrilen aurka 4-1 galdu du eta. Talde zuriaren golegileak Mbappe, hiru golekin, eta Vinicius izan dira, Sucicek egin du txuri-urdinena. Emaitza honekin, Rino Matarazzoren taldeak bi porrot jaso ditu 26/27 denboraldiko lehen bi partidetan.
Realean, Mikel Oyarzabalen itzulera da hasierako nobedade nagusia. Jokalari eibartarrak, gainera, Marc Cucurellarekin batera, omenaldia jaso du partidaren atarian, Munduko Kopa lortzeagatik. Harrobiko Ochieng eta Beitia gazteak ere izan dira hasierako hamaikakoan, baita Turrientes ere, erdialdean, Solerren kaltetan.
Talde madrildarrak aurrea hartu du markagailuan 40. minutuan, Mbapperen lehen golarekin, Fede Valverde uruguaitarraren asistentziari esker.
Atsedenaldira iritsi aurretik, Luka Sucicek berdinketa lortu du, area barruan aldaratze bat ondo aprobetxatuta, 1-1ekoa ezartzeko.
Bigarren zatian, Mbappek Real Madrilen bigarrena egin du 60. minutuan, Jude Bellinghamekin pareta egin ostean.
Handik gutxira, Bellinghamek berak hirugarren gola eman dio Viniciusi, Luken Beitia gazteak erdilari ingelesarekin izan duen lehian indar gutxirekin jardun baitu.
Mbappek, 80. minutuan, Real Madrilen garaipena itxi du. Jose Mourinhok zuzentzen duen taldea lehen postuan kokatu da joan den asteburuan Espanyoli (1-2) eta ostegun honetan Realari irabazi ostean. Hori bai, oraindik ez dira jokatu lehen jardunalditik atzeratua dauden partida guztiak.
Bestalde, Reala sailkapenaren azken postuan dago, 0 punturekin, larunbat honetan Ligako hirugarren jardunaldiari ekin aurretik, Espanyolen aurka, Anoetan, 19:00etan jokatuko duten partidan.