Osasunak Javi Galan fitxatu du, 2025-2026 denboraldiko amaierara arte
Nafarroako klubak 500.000 euro ordainduko dizkio Atletico Madrili, ezker hegaleko atzelaria bereganatzeko. Galan hilaren 29an hasiko da entrenatzen Osasunarekin, eta egun horretan bertan aurkeztuko dute. 2023-24 denboraldian, Realean jokatu zuen, utzita.
Osasunak Javi Galan ezker hegaleko atzelaria fitxatu du, 2025-2026 denboraldiko amaierara arte, asteazken arratsaldean Nafarroako klubak iragarri duenez. Osasunak 500.000 euro ordainduko dizkio Atletico Madrili, futbolaria bereganatzeko. Galan hilaren 29an hasiko da entrenatzen Osasunarekin, eta egun horretan bertan aurkeztuko dute.
Galanek 31 urte ditu, eta, 2023-24 denboraldian, Realean jokatu zuen, utzita. Osasunaren iritziz, “ezker hegalean gora eta behera aritzeko ahalmena dauka, abiadura du, bizi-bizia da, dueluak irabazten ditu, eta erasoko jokaldiak sortzen ditu ezkerretik”. Nafarroa klubak zehaztu duenez, Galanen eta Osasunaren arteko kontratua ekainaren 30etik aurrera ere luzatuko balitz, “Atletico Madrilek beste 500.000 euro izan litzake, Osasunan jokatzen duen denboraldi bakoitzarengatik, Nafarroako taldeak EA Sports Ligan jarraituz gero”.
Hortaz, Javi Galan datorren astelehenean izango da Alessio Lisciren esanetara, Osasuna entrenamenduetara bueltatuko den egunean.
Zure interesekoa izan daiteke