Ruben Garciaren gol bikainak eta Aitorren geldiketek eman diote garaipena Osasunari Cadizen (0-1)
Osasunak 0-1 menderatu du Cadiz Nuevo Mirandilla futbol zelaian, asteartean, Santander Ligako 31. jardunaldian. Ruben Garcia, gol bikain bat sartuz, eta Aitor Fernandez, meritu handiko geldiketak eginez, nabarmendu dira Jagoba Arrasateren taldean. Gorritxoen entrenatzaileak hainbat aldaketa egin ditu hasierako hamaikakoan, baina taldeak lan ona egin eta urrezko hiru puntu bereganatu ditu. Cadizek presio handia egin du neurketa osoan, bereziki azken minutuetan, eta Osasuna ondo defendatu da, zelaian hamar jokalari zituela, epaileak txartel gorria erakutsi baitio Abderi.
Garaipenak balio handia du Osasunarentzat, kontuan izanik gorritxoak zortzigarren jarri direla sailkapenean, 44 puntu dituztela; Vila-real dago seigarren, hau da, Ligan Europarako txartela ematen duen azken postuan, eta Osasunak baino hiru puntu gehiago ditu soilik, partida bat gutxiago jokatuta. David Garcia, Jon Moncayola, Abde bera, Aimar Oroz eta Lucas Torro, besteak beste, ez dira hasieratik irten; bai, ordea, Iker Benito eta Iker Muñoz gazteak, eta biak ala biak sendo aritu dira, ondo. Chimy Avilak, berriz, ezustekoa eman du; hamaikakoan zegoen, baina, beroketa ariketak egiten ari zenean, arazo fisikoak izan ditu, eta ez da deialdian sartu. Osasunak, nolanahi ere, sasoian dagoela erakutsi du berriro, eta eskuan dituen erronka guztiak lortzeko borroka egingo duela.
Jagoba Arrasateren gizonak gero eta hobeto ibili dira lehen zatian, minutuek aurrera egin ahala. Norgehiagokaren hasieran, Cadizi nabaritzen zitzaion motibazio handia zuela; etxeko taldearen asmoa zen markagailuan azkar hartzea aurrea, eta 4. minutuan oso gertu izan du gola, Sobrinoren erremate batean. Cadiz eskuinetik sartu da jokaldi horretan; Chris Ramosek, penalti puntuan, ez du baloia harrapatzerik izan, baina Sobrinok, bigarren zutoinean, kontrolatu eta jaurti egin du. Aitor Fernandezek geldiketa bikaina egin du, lehenengoa.
Osasunak, Iker Muñozek ondo gidatuta, ederto mugitu du baloia zelai erdian, eta, gainera, ordu erdia gaindituta, arriskua sortzen hasi da. Roger Martik 1-0ekoa izan du 32. minutuan, baina, jarraian, Unai Garcia (buruz), Pablo Ibañez (burukada batez) eta Ante Budimir (orpoz errematatuz) Osasunari abantaila ematetik hurbil egon dira. Ibañezek berak atepean atera du baloia segituan, jokaldi nahasi batean, baina epaileak jokoz kanpokoa adierazi du. Lehen zatia, horrenbestez, golik gabe amaitu da.
Atsedenaldia amaituta, Iruñeko taldeak beste aurrerapauso bat eman du, eta gogorrago egin du aurrera, Cadizen atera. Osasunarentzat interesgarria zen puntu batean zegoen neurketa une horretan; izan ere, urduritasuna gero eta handiagoa zen etxekoen artean, Cadizek ezin baitzuen partida apurtu, eta gorritxoak egoera hori baliatzeko moduan egon zitezkeen. Horrela, 61. minutuan, gola iritsi da: Manu Sanchez ausart ibili da ezkerretik, eta baloia arean sartu du; ez du inork harrapatu, baina, atetik 25 bat metrora, Ruben Garciak baloia harrapatu, ezkerrez jaurti eta gol polita egin du.
Golak mina eragin dio Cadizi, baina Sergio Gonzalezen taldea segituan suspertu da, eta Aitor Fernandezek bonbardaketa jasan du bere arean. Atezain gipuzkoarrak, hala ere, ez du behin ere huts egin; Ivan Alejok egindako erdiraketa arriskutsua kornerrera bidali du, eta, 76. minutuan, erantzun ezin hobea eman dio Alex Fernandezen jaurtiketa bati.
84. minutuan, berdegunera irten eta berehala, Abdek txartel gorria ikusi du, aurkari bati ostikada bat eman baitio. Neurketa 100. minutuaren ostean amaitu da, eta Osasunak, sufritu badu ere, 0-2koa egiteko abagune argia izan du. Luzapenean, Cadiz erasoan zegoela, Moncayola Ledesma atezainaren aurrean gelditu da, bakar-bakarrik, baina azken horrek gola saihestu eta emozioa bere horretan utzi du.
Ondorengo egunak historian geratuko dira, zalantzarik gabe, baina Osasunak ezin hobeto hasi du astea, Cadizen hiru puntuak eskuratuta.
Fitxa teknikoa
0 – Cadiz: Ledesma, Iza Carcelen, Luis Hernandez, Victor Chust (Momo, 30. min), Espino, Ruben Alcaraz, Fede San Emeterio (Alex Fernández, 67. min), Bongonda (Alejo, 67. min), Sobrino (Negredo, 67. min), Roger (Guardiola, 47. min) eta Chris Ramos.
1 – Osasuna: Aitor Fernandez, Nacho Vidal, Unai Garcia (Aridane, 82. min), Iker Benito (David Garcia, 74. min), Juan Cruz, Moi Gomez, Ibañez (Moncayola, 64. min), Iker Muñoz, Manu Sanchez, Budimir eta Ruben Garcia (Abde, 82. min).
Gola: 0-1, 61. min: Ruben Garcia.
Epailea: Del Cerro Grande (Madrilgo Batzordea). Txartel horia atera dio Manu Sanchezi (85. min), eta gorria Abderi (84. min).
Zure interesekoa izan daiteke
Osasunak 2028ra arte lotu du Mauro Echegoyen, kontratua beste bi denboraldi luzatzeko aukerarekin
Jokalariaren etete-klausula sei milioira igo dute, eta 15 milioira iritsiko da lehen taldeko kide denean. Dagoeneko Murchanteko erdilariak urrian egin zuen debuta lehen taldearekin, Sant Jordiren aurka Kopako lehen kanporaketan.
Juan Cruz: “Ohorea eta harro egoteko modukoa izan da Osasunaren armarria defendatzea”
Atzelari madrildarrak Nafarroako kluba utzi du, azken sei denboraldiak Iruñean eman ostean. Agur esatean, nabarmendu du 2023ko Errege Kopako finala dela haren oroitzapenik bereziena, eta, halaber, taldekideekin eta Taxoaren egunero-egunero bizi izandakoa.
Braulio Vazquez: “Uste dut pizgarri bat behar genuela, katarsi bat"
"Ez dut barkamenik eskatuko 8 urtez lehen mailan mantentzeagatik, nortzuk garen jakin behar dugu. Ez dakit zenbat aldiz entzun dudan anbizio falta dagoela", aurpegiratu du kirol zuzendari gorritxoak denboraldi amaierako prentsaurrekoan. Bestalde, Kike Barja kapitainaren kontratu berritzea % 99ra itxitzat jo du.
Juan Cruzek ez du Osasunan jarraituko
Atzelariak sei denboraldi eman ditu Nafarroako klubean; Elxetik iritsi zen bertara. 164 partida jokatu ditu talde gorritxoan: “Bere lehen denboralditik, taldekideen eta zaleen errespetua eta maitasuna bereganatu zituen, eta balioak defendatzen jakin izan du”, nabarmendu du Iruñeko klubak.
Alessio Liscik Osasunako entrenatzailea izateari utzi dio
Nafarroako klubak astelehenean iragarri du italiarrak ez duela jarraituko taldea zuzentzen; Liscik beste urtebeterako kontratua zuen, Osasunarekin.
Catena: “Ez da izan espero genuen bezala, ezta nahi genuen bezala ere, baina Lehen Mailan gaude"
Osasunako jokalariak salbazioa lortu ondoren hitz egin du, nahiz eta Getaferen aurka galdu (1-0) EA Sports Ligako azken jardunaldian. Kritiko agertu da denboraldi amaieragatik, batez ere atzetik datozenei eragindako "sufrimenduagatik".
Osasunak galdu egin du Getaferen aurka, baina Lehen Mailan jarraituko du (1-0)
Porrotaren ondoren, aurkari zuzenen emaitzen zain geratu dira. Gironaren eta Elxeren arteko berdinketak mesede egin dio talde nafarrari, horri esker beste urtebetez Lehen Mailan jarraituko baitu.
Lisci: “Taldea zelaian hilko da”
Alessio Lisci Osasunako entrenatzaileak autokritika egin du eta adierazi du gaizki egin zutela pentsatuz 42 puntu bilduta nahikoa zela mailari eusteko. Edonola ere, taldea ondo dagoela eta Getaferen aurkako “finalean” gorritxoek dena emango dutela ziurtatu du.
Zer behar du Osasunak mailari eusteko?
Osasunak ez dauka ziurtatuta lehen mailan jarraitzea, eta Getaferen etxean jokatuko du ligako azken partida. Jose Bordalasen taldeak, berriz, Conference Ligan sartzea izango du lehian.
Ateak irekita entrenatuko du Osasunak ostiralean, Sadarren, 18:00etan, Getaferen aurkako partida erabakigarriaren aurretik
Osasunaren zaleek talde nafarrari bultzada emateko aukera izango dute, Coliseum estadioan jokatuko den partidaren bezperan; talde gorritxoak EA Sports Ligan eustea bilatuko du.